argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Tipula
Ula Iruretagoiena 2022ko irailaren 21

Azken hilabeteetan ohikoak dira autoa, auto elektrikoa, garraio publikoa edo bizikletaren erabileraren inguruko artikulu eta berriak komunikabideetan. Araudi askotan aparkalekuetan autoa kargatzeko elektrizitate unitateak egon behar direla jasotzen da dagoeneko. Bizikletaz eskolara joatea pediatrek gomendatu eta eskola bizikleta-bide sarea osatu behar dela zabaltzen hasi da. Autoen aire kutsadurak eragindako hildako kopurua argitaratzen da. Hainbat lekutan auto kopurua kaleetan txikitzea lortu da garaje pribatua eskatuz autoaren jabegotzari. Energia krisian garraio publikorako dirulaguntzak adostu eta iragarri dira ikasturtea hasi baino lehen. Kaleko aparkalekuak lorategi urbano bilakatzen diren egoera gehiago ikusten ari gara. Trafiko eredu berriak ezartzen ari dira zentroak oinezko bihurtzeko.

Zer edo zer ari da mugitzen fokoa garraioan kokatzen ari denean. Ematen du sukaldeko saltsa bat prestatzeko prozesuaren hasieran gaudela, tipula zartagian eta txinpartatxoak entzuten diren unean. Datorrenaren osagaiak lan mahaian jarriak dira, sukaldatzea falta.

Eszeptikoentzako oharrak. Hiriak eta kaleak autoarentzat prestatu genituen bezala –duela 80 bat urte eskas, eszenatoki urbanoa zeharo aldatuz–, orain kaleak bestelako garraiobideetara egokituko ditugu, logistika banaketarako gailu elektrikoei, patineteei, bizikleta eredu desberdinei, autobus lineei leku eginaz. Horretarako, mugitzeko sare alternatiboak eroso eta azkarra izan behar du. Hiria arrakastatsua izango da biztanlegoari autorik gabeko bizitza aukera eskaintzen zaionean eta pertsona aberatsak garraio publikoa erabiltzen dutenean. Autoak askatasuna ematen digula errealitatea –eta leloa– da gaur egun, baina txip aldaketan, autoaren beharrik gabe bizitzea izango da askatzaile. Autoaren burbuilatik ateratzeak mapa interesgarri bat zabaltzen du: espazio behar berriak, bizi antolaketa desberdina eta inguruarekin adiago egoteko mentalitate prestatuagoa.