Uda atarian banandu ginen eta hona gara berriro ere. Anartean, itzalez-itzal ibili behar izan dugu, suteen artetik, aspaldian iragartzen eta frogatzen den suntsipen klimakoaren ondorioz, izerditan trenpan, den mendreneko mugimendua egin orduko, lan izpirik hasi gabe ere. Gisa berean, sinesgaitza dirudien prezioen igoeraren ondorioak pairatu ditugu jada: agur arrats sargorriz ondartza hegian gozatu izozkiari, eta bi aldiz pentsatu olio pinta erosi aitzin.
Eta sartu garenean, uste genuelarik entzutekoak oro erranak izan zirela, berriz harrapatuak izan gara, poderetsuek mespretxu eta mehatxu langa guziak puskatzeko gaitasun gaitza erakusten dutenaz geroz.
Hasteko, egunak laburtzen hasi aitzin, jada abisatu gaituzte larrazkenean berean biziko dugun krisi energetikoaz. Eta, bide batez, lexiko gerlaria erabiltzeari ekin diote: gerlan gara. Frantses lehendakariak gorriak eta bi ikusiko ditugula iragarri digu: “Bukatu da oparotasunaren aroa eta, are gehiago, gutako zenbaitzuengatik, axolagabekeriarena”.
Halaxe zioen; eta ondotik, arrunt totolotuak baigaitezke, haur sortu berriei bezala esplikatu digute, lehendakariak berak, haren ministroek eta zientzialari handiek, “berogailua apaltzea eta argia itzaltzea gelatik ateratzean”, laburki erraiteko. “Denok arduratsu jokatzen ez badugu, arrazionamendu eta urritasun derrigortu batera goaz” bota eta bukatu dute erranez “elkarrekin indartsuak gara”. Eta, plost, egiazko soluzioetara ausartu gabe, kataklismoen ardura jende xehearen da orain. Alabaina, prefosta, lokal instituzionalek berotuak, klimatisatuak, gauaz argituak izaten jarraituko dute, lasai.
Gero, behin kaosa iragarririk, elkartasuna eta indarrak eskaturik, eta jet-ski itzuliño bat eginik, Macron Aljeriara joan zen, hegazkin partikularrean, gas stockak berrosatzeko asmoz, omen, baina hara bezain laster, jiteak gaina hartu zion eta ikasgai ematen hasi zen ingurukoei, eta eskuak hutsik etxeratu. Bistan dena. Anartean, mobilitate arazoekin gabiltza, garraioaren pribatizazioak autobusen kudeaketa eta erabilera ez baitu erraztu nehon. Beraz denak autoz gabiltza, noski. Beti bezala.
Artetik, hegazkina uztea eta trenez ibiltzea proposatu zitzaionean, Mbappé futbolari marabutatua irri trantzetan sartu da haren trebatzailarekin batera: komentariorik gabe.
Azkenean, punpuila bonetaren kaskoan, gerezia biskotxaren gainean: “Demisio isila” masiboki eta zitalki praktikatzea leporatu zaio, zaigu, langilegoari. Bai, demisio isilaren kontzeptua agertu da irrati telebistetan aipagai, tole. Azal dezagun: jende zenbaitzuk demisionatzen dute, garbiki, baina beste zenbaitetan, diotenez, lanpostuan jarraitzen dute, zinezko kemenik gabe. Azken hau jende alfertu eta bere lanaz disgustatu gisa aurkeztua da. Zergatik ote? Ez baitu emailei erantzuten gaueko hamarretan, tenorez joaten baita lantokitik eta lan kontratuak dioenaz haragokorik egiteari uko egiten diolako. Etsai berri bat.
Ez al zaizue magikoa iduritzen burgesek duten moldea beti gauzak haien alde itzulikarazteko? “Pobre zikinak zanpatu” zeritzon horri Coluche zenak. Itzuli orduko, nola ez, oporrak amets.
Beraz, sartze honetako, ongi ulertu duzue denek? Errepikatuko dugu: dutxa laburrak, lana lana lana, trikota bat gehiago soinean ezarri, patata egosiz ase, elektrika eta ur errazionamendu txartelen bila joan, patinetak erosi, gaixtoa Errusia da.