argia.eus
INPRIMATU
Imajinazio askatzaileak
Ibai Atutxa OrdeƱana 2022ko urriaren 06a
Soniexka | Ludmila Ulitskaia (Itz.: Josu Zabaleta) | Pasazaite, 2022

Judith Butlerrek apirilean eginiko elkarrizketa batean beti bezain iradokitzaile argudiatu zuen, “badaude eskuineko fantasiak faxistei boterera iristea ahalbidetzen dietenak eta horrexegatik behar du ezkerrak imajinazio oso indartsu bat. Haiek ordena berrezartzeari buruzko fantasia indartsua dutelako behar dugu guk imajinazio oso indartsua”. Soniexka leitzen nenbilela egin nuen topo Butlerrekin, eta serendipia hutsagatik bada ere, baldintzatu egin zidan Ludmila Ulitskaiaren liburuaren irakurketa.

Pasazaitek argitaratu du Soniexka. Eta izango da argitaletxearen azken aurreko liburua, betiko itxi aurretik. Ekainean jaso genuen berri tristea eta argitaratzear dago azken-azkena. Itxieraren sentsazioa da tamalez déjà vuarena.

Halako proiektuek balioa bezain handia dute prekaritatea, eta beste behin ari gara esaten agur. Zer egin, beharrezko babes-sarea emateko biharko Pasazaiteri, Edo!ri eta Utriusqueri. Izan ere, jai daukate instituzio neoliberalizatu eta kultura-turisitifikatzaileen apurrekin. Baina tira, barkatuko didazue digresioa.

Soniexkak Pasazaiteren sinadura darama. Nazioartean sobera aitortutako kalitate literariodun lana eta gurean agian ezagunegia ez den idazlearen inportazioa da. Ulitskaiarena, gainera, gero eta sarriago euskaratua ikusten dugun errusiar literaturari atxikitzen zaio.

Gogora ekarri dizkit argitaletxe bereko Drakulic eta –jatorrizkoa alemanez bada ere– Kaminer; eta Katakrakek argitaratu Txukovskaia. Horiek etorri zaizkit gogora denen atzealdean agertzen delako Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna eta denek elkarrizketatzen dutelako kritikoki lurraldetze harekin.

Horrexek narama Butlerrengana. Aspalditik, Mendebalde kapitalistaren fantasia erreakzionarioenak ainguratzeko txotxongilo bilakatu da SESB. Bestalde, SESB erabili da, baita ere, ezkerreko fantasia kontserbadore nostalgikoak elikatzeko. Agian, fantasiak baino, imajinazio askatzailea da indartu behar duguna. Horretan laguntzen du Ulitskaiaren lanak besteekin batera irakurriz gero, hau da, ezkerreko imajinazio indartsua izaten.