Herri edo Nazio bat dagoen lekuan, gaurko Mundu honetan, Estatu propioa ezinbestekoa da, Nazio horren biziraupena ziurtatzeko, besterik gabe. Euskaldunok Historian dugun ibilbideak hori frogatu digu, eta une honetan bizi dugun garaiak are argiago agertzen digu Estatu independentea izatearen premia.
Zergatik dugu ezinbestekoa Estatu independentea? Estatu orok sistema propioa osatzen duelako, Nazio edo Herri zehatz baten nortasun ezaugarri nagusietan ardatz hartuta. Hizkuntza, Kultura, Lurraldetasuna, Historia partekatua, Komunitate kontzientzia, hauek izan ohi dira ezaugarriak. Euskal Herria Nazioa da ezaugarri hauek partekatzen dituen neurrian, baina gaur egun ez du ezaugarri horiek babesteko sistema propiorik, eta ez dabil bide horretan. Are okerragoa dena, Euskal Herriaren nortasun ezaugarri propioak ahultzen ari dira eta guztiz galtzeko zorian ere egon daitezke, okerreko bide honetan.
Zergatik diogu okerreko bidea dela gaurko hau? Euskal Herrian ez dugulako gaur egun proposamen politiko sinesgarririk Estatu independente bat osatzeko bide egingarria eskaintzen digunik. Izan ere, indar politiko abertzale kontsideratuak oso bestelako dinamika politikoetan integraturik agertzen zaizkigu. Begira dezagun Ipar zein Hego Euskal Herrira: kasu batean zein bestean, Parisen edo Madrilen zein gobernu mota eratzen den eta txandakako gobernu horiekin nolako harreman mota antolatu, horra hor alderdi horien kezka politiko nagusia azkenaldian. Jarrera horien justifikazioa beti izaten da aurrera pausuak eman beharra, eta hori lortzeko bide bakartzat, norbere boto kopuruan gora egiteko premia. Zer gertatzen da, baina, ondorioz? Balizko helburu taktiko horietara bidean, indarrean diren Estatu espainiarraren eta frantziarraren sistemak indartu egiten direla, biak ala biak, eta euskaldunok sistema propioa lortzeko bidea lausotu, ilundu eta, azkenean, ezabatu.
Estatu espainiarra eta frantziarra sistema egituratu eta itxiak dira, eta horien funtzio nagusia da bere baitan beste sistema independenterik sortzeko edozein bide ezabatzea
Kontua da Estatu espainiarra eta frantziarra, biak ere, sistema egituratu eta itxiak direla, eta horien funtzio nagusia dela bere baitan beste sistema independenterik sortzeko edozein bide ezabatzea. Orduan, sistema horietan integraturik jokatzen duten euskal alderdiek azken finean Estatu bi horiek indartu egiten dituzte, eta euskal Estatu baten aukera baztertu (hitzez noizbehinka bestelakorik esan arren). Adibideak argiak dira: “elebitasun” faltsuak euskara zulora darama, espainiera konstituzioz derrigortzen delako (hau da, unibertsala bihurtzen delako) euskaldunon artean, eta euskara aldiz ez. Botere exekutibo edota legegilearen antolaketan, euskal alderdiak konpartsa bihurtzen dituzte, sistema politiko nagusia Estatu mailakoa delako (eta euskal alderdiek horrela izatea onartu dutelako). Botere judiziala deituan, beste horrenbeste.
Aldaketa kualitatiboa gertatzen ari da euskal naziotasunaren kontzientzia subjektiboan, euskal alderdien jokabide horren ondorioz. Dinamika horretan harrapaturik, belaunaldi berriek batez ere, nazio kontzientzia propioa galdu eta naturaltzat hartzen ari dira sistema espainiarra edo frantziarra, sistema bakoitzaren arlo nagusi guztietan: espainieraz edo frantsesez mintzatzen dira naturaltasun osoz, metropoliaren kultura adierazpen guztiak bereganatzen dituzte, eroso sentitzen dira nortasun horiek inposatuak direla sentitu gabe.
Euskal subjektibitate berritua sortzea da gaur egungo premia, naziogintza berrituaren bitartez. Gaur egungo krisi egoeratik prozesu berritzailera abiatu beharra.