Kolpatzen gaituzten hainbeste drama izanda, gutxitan ekartzen ditugu plazara inoiz abandonatzen ez gaituzten buruko minak. Esaterako, egunero jantzi beharra: publikoan kontrakoa argudiatuko dut, koloreak, aniztasuna eta hori guztia, baina nire bakardade beldurtian lasaitua hartuko nuke goizero janzteko uniforme bat inposatuko balidate; janzkera gure nortasuna adierazteko bidea omen da, eta niri nire nortasuna hain agerian eramateak erreparoa ematen dit. Baita, adibidez, depilatu beharra ere. Asteburu honetan ez nuen kamiseta tiraduna jantzi, ezta galtza motzak ere; okerrago, ez nuen umea hondartzara eraman depilatu gabe nengoelako.
Muturtuta amaitzen dut depilatzen naizen bakoitzean, sentitzen dudan poz gorena “lan bat gutxiago” da; ez dut higieneagatik egiten (hortzak garbitzea ere ez dakit horregatik egiten dudan); ez dut nire buruarekin hobeto sentitzeko egiten; inbidia diet ile gutxi eta argia dutenei, ez nirea bezala, bazter guztietan irteten den beltz osasuntsu hau. Lotsa ematen du esateak, baina maskararik gabe ibiltzeko aukera zabaldu zitzaigunean, nire nonbait alerta bat sumatu nuen, bibote eta bizarrak ohi baino oparoago nerabiltzalako.
Emakume bat pasa eta “zenbat denbora pasa du prestatzen?” pentsa dezagun, oso prestatuta joan behar du. Inork ez luke hori pentsatuko ni ikusita, baina emakume agertzeak elkarrizketagai izan gabe, denbora eskatzen du. Kontua ez da bestela gizon itxura edukiko nukeela, ez bata ez bestea nintzateke, eta ez dago hori baino gehiago aztoratzen duenik: zer da, neska maskulino bat edo mutil femenino bat? Neska iletsu eta bizarduna, ala bikinia daraman mutil bat? Depilazio gabeko urtea dekretatuko balitz, emakume kategoria askoz heterogeneoagoa litzateke, lausoagoa. Eta bat edo beste izan behar da, bat edo beste izan, desberdin tratatu behar baikaituzte. Ez?
Eta baten batek betikoa esango dit (txikikeria bat irudituko zaiolako, gure lan guztiak bezala): “Horrela pentsatzen baduzu, erraza da, ez depilatu; hainbeste inporta zaizu besteek pentsatzen dutena?”. Bai, noski. Zuri beste.