Gustuko dut telebista isiotuta, beste zeregin batzuetan ibiltzea. Askotan jaramon egin barik, marmarra hondoan, zappingik ez. Iragarkietan entzuten nuen “Disney plas”, baina adi ez nengoenez, ez nekien zer zen.
Plas gora, plas behera, halako baten konturatu nintzen “plus” zela, +.
Plas? Gero konturatu nintzen Heitxbiou, Bibizi eta Zienen esaten zutela kazetari batzuek, euskaraz eta gaztelaniaz, HBO, BBC eta CNN telebista kateez zihardutela.
Ez dakit zergatik dagoen modan hori, ingelesa badakitela erakusteko? Dena hobea delako ingelesez? Ala morrontza hutsa da?
Beste leku batzuetan ere gertatzen da halakorik? Lehen, hemen ez. IRA, ira esaten zen, ez aierei edo dena delakoa. Oraindik gogoan dut ezagun frantses batek frantsesez ETAz galdetu zidanean: ez nion ulertu e, t, a banan-banan esan zidalako, hala erabiltzen dutelako.
Baina akabua izan zen Amaiurren egindako “Libera State” antzerkiaz ziharduela esatari batek Libera steit esan zuenean! Steit. Orduan bai, matrailean egingo nion gogotsu kazetariari plas-plast.