Desberdin gara oporretan. Desberdin bidaiatzen dugun lekuetan espazio eta denbora desberdinean murgiltzen garenean. Gorputzaren erritmo organikoagoetara egokitzen den denboraldia izateaz gainera, bestelako testuinguru espazial batean egoteak desberdintasunak eskaintzen dizkio gure gorputzari. Espazioaren leku aldaketak gure sentsazioetan eragiten duela esan nahi da. Beste horizonte fisiko baten aukerarekin begiek “arnasten” dute sakon eta luze begiratzean; norberaren neurria inguruarekin harremanean jartzeko parada da, norberaren txikitasuna eta inguruarekin handitasuna jasoaz aldi berean. Orientazio desberdin batean kokaturiko oporretako etxean, egonaldiak beste harreman bat eskainiko digu eguzkiarekin, egunsentia edo ilunabarra bistaratzeko denbora eskainiaz, planetaren meridiano eta paralelo kokapena gorpuztuz. Akaso etxeko pribatutasun beharraren aurrean erlaxatuago izan gaitezke, edo ezinbestekotzat jotzen dugun espazio beharra lausotzen da. Beste soinu batzuez inguratuta egongo gara, naturako elementuak gertuago izango ditugu edo artifizialtasun gutxiagoko eremuetan denbora luzeago igarotzeko aukerak naturarekin lotura estuagoan egotea baimenduko digu. Eta beste klimatologia batek laztanduko gaitu –2022koa izerditan gogoratuko dugu berdin zein txokotan gordeta egon garen–, zaintza termikoak bere denbora hartuko du, itzala, babeslekua edo ura bilatzeak lekuaren irakurketa bat eskainiz.
Esan daiteke deskantsu egunetan testuinguruarekiko sortzen duguna lotura afektibo baten eraikuntzarekin harremanean dela. Horregatik pizten dira zenbait idealizazio bidaia-lekuarekiko; “hona etorriko nintzateke bizitzera” edo “toki honetan liburu bat idazteko bakea izango nuke” edo “erretirorako leku aproposa da hau”. Oro har, lekualdatzeak beste atentzio espazial posible baterako atea irekitzen du, eta normalean inguratzen gaituenarekin loturan egoteko egoera irekiagoan edo prestutasun gehiagorekin gaude.