argia.eus
INPRIMATU
Globalizazioaren pitzadura
Mikel Zurbano 2022ko irailaren 06a

Azken hiru hamarkadetan ezagutu dugun Ameriketako Estatu Batuen (AEB) lidergopeko globalizazioaren aroa zalantzan dago. Nazio interesen gainetik ordenu global liberala lehenesten duen globalizazioa ahitzearen atzean faktore eta arrazoi ugari daude. Hiperglobalizazioaren atzerako zantzuak 2008ko finantza krisiarekin antzematen hasi ziren. Kanpoko merkatuetako bere presentzia ahaztu gabe, barne eskariaren hazkundeari esker barneko merkatuan birzentratzen hasi zen Txina orain hamar urte. Bestalde, azken urteetako Estatu Batuetako kanpo merkataritzaren motelaldia aipagarria da. Atzerriko inbertsioak ere 2008ko krisiaren ostean izoztu egin ziren eta azken bost urteetan atzera egin dute. 

Produkzio lerroak nazioartean banatzen dituzten mundu mailako balio kateak ahultzen ari dira produkzio kate osoa kontrolatzeko zailtasunak handitzen doazen neurrian. Honi gaineratu behar zaio pandemiak eragindako talkak munduko balio kateetako osaketa berria sustatzen duela, lurraldearteko birbanaketa eta nazioarteko garraioaren zailtasunak oinarri hartuta. Larrialdi klimatikoari eman beharreko erantzunak ere orain arte munduko produkzio kateen eraldaketan eragina izango du etorkizun hurbilean. Beraz, produkziogintzan aspaldian agintzen zuen muturreko globalizazioaren logika aldatzen ari da eta etxerako edo hurbileko herrialdeetako bidea jorratzen ari da hein handi batean.

Globalizazio neoliberalaren gehiegikeriek arlo politikoan populismoen igoera ekarri dute eta arlo ekonomikoan Estatuaren itzulera, hala nola berrindustrializazioarekin, nazio subiranotasuna indartzearekin –erdieroaleen, baterien edo botiken sektoreko industri politikak adibidez–, politika sozial, energetiko eta ingurugiro politikak sustatzearekin.

Dena den, globalizazioaren itxura aldaketarako arrazoi ekonomikoek ez ezik irizpide geopolitikoek ere garrantzia nabarmena dute. 2018 urtean AEBetako lehendakariordeak, Mike Pencek, gaur egun Errusiarekin gauzatzen ari den baina Txina helburu duen uztargabetzearen aldeko aldarria egin zuen. Txinaren nazioarteko posizioa hobetzeko ahaleginak oztopatzea da politika berri honen xedea. Uztargabetzea ekonomian, teknologian, ezagutzan eta arlo politikoan sustatu nahi dute. Horretarako, ziurtasunaren eta bere sistema politikoaren izaera antiliberalaren argudioak erabiltzen ditu Ipar Amerikako herrialdeak Mendebaleko herrialdeen elkartasuna erakartzeko eta nazioartean bere posizio hegemonikoa indartu eta finkatzeko.

Txina, bere aldetik, bere kanpo estrategiaren norabidea aldatzen ari da. Mendebaleko herriekin lankidetza erabat apurtu gabe Hegoa-Hegoa ardatza indartze bidean dabil gero eta gehiago. Ardatz alternatibo honetan Txinak bere ekarpena arlo ekonomikoan, finantziarioan, merkataritzan... bideratzen du, lehengaiak eta lidergo ekonomikoa eta politikoa eskuratzearen truke. Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikako herrialdeek osatzen duten BRICS elkartea, garapen bideko herrialdeen arteko merkataritza eta inbertsio elkartrukeetarako funtsezko eragile bihurtzeko bidean da. Industrian eta arlo teknologikoan bistakoa den Txinaren bultzada ekonomikoak garapen bideko herrialdeen artean erreferentziazko lidergo posizioa eskaintzen dio, baita Asian bertan ere Japoniaren aurretik.