Gehiegizko askatasuna garesti ordaintzen da. Garesti ordaintzen dugu. Hori sinestarazi nahi digute behintzat. Bai, subjektu zehatz batzuek askatasuna garesti ordainduko dugu erregimen patriarkal honetan. Mugimendu feministak aurreikusita zuen uda hau larria izango zela, pandemia eta geldialdi horren itzulerak gogor kolpatuko zituela betiko periferietako subjektuak. Albisteetako erasoak eguraldi iragarpena bezala irakurtzera ohitu gara, gai ordeneko puntu bat balira bezala: izan eraso fisiko bat, bortxaketa bat, bikotekide ohiak emakume bati emandako jipoi bat, beste bat ziztatu dutela ez dakit nongo jaietan, neska gazte batzuk drogatu dituztela beste nonbait... Nire buruak ere zerrenda bat egiten du, eta ohartu gabe “beste bat” esatera ohitu gara. Ez dut besterik nahi.
Gonen azpitik frakak jantzi ditut Bilboko jaietarako, badaezpada. Gizonekin egin dut buelta etxera, badaezpada, eta botilatik edaten aritu naiz, drogatu ez nazaten
Muturreko anormaltasun gisara irudikatu dute uda hau, baina betiko egitura sozial, ekonomiko eta politikoek eraikitakoa da. Ez delako uda hau, ez delako gure bizitzetatik at dagoen anormaltasun bat, gure egunerokoa da. Arazoa ez, baina soluzioa gure askatasuna mugatzean omen dago. "Jakin bagenekien egoera honakoa zela eta noski, nola ausartuko gara parrandan gizonik gabe ateratzera", edo "nola okurritu zaigu bezperako gertaerak ez gogoratu arte mozkortzea", edo "gure edalontziak ez zaintzea", edo "gona hain laburrekin ateratzea", "atentzioa deitzea", "berandu eta bakarrik etxeratzea", "gau horretan ezagututako gizon batekin ligatzea", "beldurrik gabe ateratzea"... eta prebentzio neurri bezala saldu diren beste hainbeste. Eginbehar horiek guztiek, ordea, fokua gugan dute. Arriskutsu kontsideratu diren praktika batzuk utzi behar ditugu gure gorputza eta bizitza salbu egoteko. Baina egiteko esaten digutena eginda ere, errelatoak ondo josi ditu posizio guztiak. Egiten duguna egiten dugula, gure erantzukizuna, gure ardura eta gure errua da beti.
Funtsezkoa da ulertzea diskurtsoa nondik eraikitzen den, nola egia bat birproduzitzen duten batzuek egia absolutu bilakatzeraino. Barneratu dugu zeinek izan beharko lukeen beldurra, zein subjektuk egin ditzakeen aurrez aipatutako praktika horiek eta zeinek ez. "Esan gezur bat mila aldiz, errepikatu hitzez hitz, handik gutxira ikusi egia bihurtzen". Eta ohartu naizenerako, hau guztia salatzen dabilen neska honengan ere egia da. Gonen azpitik frakak jantzi ditut Bilboko jaietarako, badaezpada. Gizonekin egin dut buelta etxera, badaezpada, eta botilatik edaten aritu naiz drogatu ez nazaten. Sinistarazi didate hori dela giltza "besterik egon ez dadin", baina ustezko giltzak ez du funtzionatzen.