argia.eus
INPRIMATU
Euskal ekologismo sozialaren premiaz eta erronkez
Mikel Gomez 2022ko abuztuaren 29a

Aurtengo uda agerian uzten ari da Klima Aldaketak eragin negatiboa izango duela bai gure bizitzetan baita datozen belaunaldien bizitzetan ere. Oso zentzuzkoa da etorkizunari beldur puntu bat izatea, baina askotan galdetzen diot neure buruari zenbateraino ez ote diren gure ezinegonak guztiok irentsi ditugun pelikula eta telesail katastrofisten ondorio, zeren eta distopia bada etorkizuna irudikatzeko dugun modu bakarra, jai daukagu. Gurea baino kultura sanoago batean, telesailek elikagaien produkzio lokalaz, hiri jasangarriez, bortizkeria matxistaren amaieraz eta errentaren banaketaz hitz egingo lukete (ederra egun hauetako Berriaren Utopiarantz seriea). Garaiotan erradikala izatea ez da desesperazioa sinesgarria egitea, itxaropena posible egitea baizik.

Desazkunde justua ideia erakargarria da, baina abstrakzio ideologikotik plano politiko eta konkretura pasa behar dugula uste dut.  Zenbat murriztu beharko genituzke CO2 isurketak 2030erako? Zer neurri hartu beharko lituzkete erakundeek energia aurrezteko? Zeintzuk dira gure proposamenak etxebizitza, garraio edo enplegurako? Zeintzuk eta zenbat dira murriztu behar diren sektoreak? Zer proposatzen dugu enplegu gabe geratuko diren langileentzat? Eta aisialdi ereduaz, zer diozue?

Ekonomia berlokalizatzea, nekazal oinarrizko errenta edo materialak birziklatzeko plantak adibide egokiak dira. Kontsumismo eta bizitzaren garestitzearen aurrean, liburutegiak inspiragarriak izan daitezke, objektuen jabego publikoa eta erabilera komunitarioa sustatuz.

Txikiak badira ere, garaipen beharrez dago gehiengoentzat izan behar duen ekologismoa. Bere buruan sinistu eta askorengan ilusioa pizteko. Horretarako, ezinbestekoa da klase ertaineko/gizon/zuri/heldu/aspergarri/liburujale militantearen iruditegia gainditzea. Niregatik, ongi etorriak haize berriak.

Beste gauza askoren artean, datozen urteetan blokatzeak, greba orokor klimatikoak, lurzoru eta azpiegitura handien okupazioak, komunitate energetikoak...antolatuko dituen mugimendu ekologista eraikitzea dagokigu. Eta noski, botereguneetatik bota beharko dugu petrolioko oligarken laguna den hiru letratako alderdia...VOX ez, bestea. Hasteko, legegintzaldi honetarako espero den EAEko Klima Aldaketaren legea galdu ezin dugun aukera da.  Eta nola aurre egin lobby fosilari EHtik? Ez daukat argi, baina Repsolek boikot kanpaina indartsu bat merezi du.

Honetaz guztiaz gogoetatzeko, zatoz irailaren 30eko asteburuan Portugaleteko gaztetxeko ekotopaketetara, borrokarako grina eta bizipoza!