argia.eus
INPRIMATU
Tourra baino gehiago da
Bea Salaberri @beatxo 2022ko uztailaren 23a

Uztailaren 14a da, eta oporretako lehen eguna txirrindulari familia batean. Semeak lasterketa du arratsaldean eta denek harako bidea hartzekoa dute. Batzuei zaila gertatzen ahal zaizue ulertzea zer den giroa, ez bazarete ez kirolari ez zale. Bada Tour aire bat, oraino urrun bada ere bere honainoko bidean, laster hurbilduko baita mendate famatuetara, eta lasterketa orok etapa itxura hartzen du nerabeen izpirituan eta gainerakoengan. Gainera, uztailaren 14a izanik, lehen hamarretan helduko direnen saria doblatua izanen da. Kontxo!

Orduan, hain arrotz eta hain ez leku bilakatua den hiritik ihes eginen du familia osoak, sostenguz, berdin dio distantzia, zenbat gradu, itzala bilatu beharra, xitoa animatzera joanen dira denak. Alda izanen da, segur, usaiako lan egun dorpearen aldean. Argitzeko, lasterketa oro hiru eguneko erritual neurtua da. Bada bezpera, material eta hazkurri prestaketarako eta trebaketarako. Bada lasterketa eguna. Eta izanen da biharamuna, bere euforia nahiz dezepzioekin baina betiere luzaketa serie onarekin.
Dena prest da, txirrindola, ur bidoiak, lasterraldian hurrupatzeko koktel azukrez saturatuak eta hozkailuaren iskin batean kukuturik Coca Cola botilatxo bat (ixo), familia-kide bakoitza bere postuan.

"Zarta! Abiatu dira. Zirkuitu beraren bost itzuli eginen dituzte txirrindulariek, bost aldiz iragaten ikusiko dituzte beraz senideek"

Zarta! Abiatu dira. Zirkuitu beraren bost itzuli eginen dituzte txirrindulariek, bost aldiz iragaten ikusiko dituzte beraz senideek.
Lehen bi itzulietan, denak juntaturik datoz. “Biziki fite pasa dira, ez ?”. Aita-amak estrategikoki kokatu dira, bihurguneetan, pattar kaskoetan, barreiaturik, betiere itzalean.

Hirugarrenean berdintsu datoz, bildurik, nehor ausartuko ez balitz bezala atakatzen. Urrundik ageri dira heltzen maldan goiti eta ahotsak oihar dira aldizka, “Tiens bon Thibault!”, ozenaren ondotik “Vas-y Clément”, entzun da. Laster hementxe da xitoa, oihukatu beharko zaio animo zenbait, hortxe inutilki egon gabe. “Aitzina Johane!...”. Deus gehiagorako denborarik ez, haizea bezala iragan baitira. Beroegi da: “Ondokoan ura botako diogu”.

Laugarren itzulia, inflexio puntua : bata eskapatu da, ondotik zaluenak ausartu dira, abiadura handitu dute, haustura probokatu, redios. Arreba txikia bidean lehentxeago postatua da: “Ezkerrean izanen da!”. Putxas, bidea zeharkatu behar da laster, leku eta angelurik hoberenean postatzeko, botilaren tapakia bazter utzirik : “Abila izan beharko da”. Pasatu denean, amak semeari buruz oldartu du botila, ura airatu eta lehertu da galipot freskatzera: “Uste dut bizkar zola bederen busti diodala...”, “Ama, zer kakola...”. Ondokoan hobeki.

Bosgarren itzulirako itzalak mugitu dira, adar bakarraren babesa baizik ez da geratzen. Azken txanpa da, aldi honetan bi ur ontzi, esku bakoitzean bana: beti ezker, ama. Plost. Bisaian harrapatu du. Behintzat haurrak ez du orekarik galdu, orain hegalda dadila, araiz podiumera.

Behin bukatu eta, izanen dira abenturak kontatzeko: bidea beroegia, ura epeldua, xantza eskasa, norberaren eta kideen estrategiak, traizioak, “Profesionalek eginen lukete hobeki?”. Ez da hain segur. Eta ez du balio haien zain egotea, haien karabana, haien ikusle ezezagun multzoa eta bandera festa; orain eta hemen dago dasta. Hori agertu dute gazteek, entrenatzaileen begi bistatik urrun eta ziklisten jan-neurri guztiak zangopilatuz Coca Cola bana eskutan: ondokoan hobeki. Momentu hoberena da. Batez ere sakrifizio guztien ordain den isileko Coca Colarengatik. Bakarrik koka horrengatik balio zuen beste guztia iragateak, lan urte dorpearen ondoko opor aste zenbaitengatik nola. Uda on!