Hitza, pentsamenduaren oihartzuna ezpainetan”. Hala dio Ekaitz Goikoetxeak Balio erantzia aforismo liburu gozagarrian. Gu maiz ohartu ez arren, gogoaren oihartzuna ailegatzen bide da ahoaren ertzetara: barrenetik kanpora. Alfabetikoki ordenatutako aforismo bilduma berean, nolabaiteko hots errepiken jokoa irudikatuz, beste hau ageri da hemezortzi orrialde geroago: “Oihartzunak beti betetzen du hitza”.
Baiki, salgaien oihartzunak ozen aditzen dira hor-hemenka, gero eta merkantilizatuago dagoen mundu honetan. Hezkuntzan, kulturan edota artean ere normalizatua dago “saldu” aditzaren erabilera: “Nola salduko dugu proiektu hau”?; “Ez du diskurtsoa ongi saldu”; “Ez dakigu geure burua saltzen”; eta abar. Urteak dira halako adibideak aditzen ditudala lan giroan zein lagunartean, erakunde ofizialagoetan nahiz mugimendu alternatiboagoetan.
Eta makina bat aldiz adituagatik ere, oraindik aldiro sumatzen ditut salerosketaren dandak belarrietan. Mundua elkarrekin irudikatzeko eta, nahi izatera, aldatzeko arloetan ere, oihartzunak betetzen bide du hitza. Eta ekintza.