argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Zizeronena
Aritz Galarraga 2022ko uztailaren 22a

Hamarkada eta mendeetan zehar norabide bat markatu zuten momentuak bildu zituen Stefan Zweigek Sternstunden der Menschheit liburuan: Konstantinoplaren konkista, turkiarren eskutik, 1453an, eta Ekialdeko inperioaren gainbehera, ondorioz; Handelen Mesias-aren jaiotza, 1741ean; Napoleonen porrota, 1815ean; hil aurreko unean Dostoievskik jaso zuen indultua, 1849an; Leninek Errusiarantz egin bidaia, 1917an –guztiak gizonezko, puntu negatiboa–. Jakitun zen, haatik, mugatuak zirela halako mugarriak: “Hemen ere, artearen eta bizitzaren eremu guztietan bezala, une gorenak, ahaztezinak, oso arraroak dira”. Zweigen liburuari izenburua hartu arren, zutabeotan bildu ditugun une gorenak askoz izan dira xumeagoak, eta akaso horregatik, adjektiboa onartzen bazait, gorenagoak: paseoa, siesta, ardoa; hilerrietako bisita, edertasun, inskripzioak; Mitteleuropa, Mediterraneoa, noski Frantzia; eta ia-ia pertsonaia balira bezala azaldu diren Annie Ernaux, Chantal Akerman, Antoine Compagnon edota MZ, eta, besteren gainetik, horiek sortutako obrak. Guztiek ere balio izan dute, hartara, jarraitzeko Montaigneren hura: norbere buruaz ari izanik ere, gizon-emakume guztiez ari izateko borondatearekin idatzi dugula.

Zweigen liburutik, bereziki maite dut Zizeronen zatia –gainerako gehienak, denborarekin, bilakatu zaizkit, nola esan, gorenegiak–. Eta nola erabakitzen duen bere garaia pasa dela eta erretiratzeko ordua iritsi zaiola –nahiz gero etorkizunean berriz bueltatzeko–. Hiru ikasturte eta 139 zutabe geroago, neronek ere, noski xumeago, egingo dut Zizeronena, eta jaitsiko naiz martxan den tren honetatik, esku zinez hobeagoetan uzteko. Zorte pixka batekin gertatuko zait Eszipioni gertatu zitzaion hura, alegia, inoiz ez zela egon hain aktibo egiteko ezer izan ez zuenean baino, eta inoiz ez zela egon hain lagunduta bere buruarekin bakarrik egon zenean baino. Hasteko, Colette daukat esperoan, haren konpainian uda bat pasatzeko.