Bartzelona, 1902ko abuztuaren 1a. Lola Iturbe Arizcuren anarkista eta feminista aitzindaria jaio zen. CNTko kidea eta Mujeres Libres erakundeko sortzaileetako bat, 1936ko Espainiako Gerra amaitzean Frantziara alde egin zuen eta han Erresistentzian parte hartu zuen. Franco hil eta gero Gijonera joan zen eta han hil zen 1990ean, ekintzaile izateari sekula utzi gabe. Haren haurtzaroa erabakigarria izan zen geroko ibilbide mamitsua taxutzeko.
Bartzelonan jaio arren, Lola Nafarroan ernaldu zuten, Monrealen. Bertakoa zen Micaela Iturbe ama. Ezkongabea zela gelditu zen haurdun eta, horregatik, aitak, Lolaren aitonak, arbuiatu egin zuen. Micaela Bartzelonara joan zen orduan, eta han erditu zen. Haurra zaintzeko bitartekorik ez zuenez, Valentziako familia bati utzi zion Lola jaioberria.
Lehen zazpi urteak Cerdá herrian eman zituen, ama haren bila joan zen arte. Orduan jakin zuen Lolak Micaela zuela ama, eta herri txikian zuen bizimodu lasai eta askea errotik aldatuko zitzaion. Amarekin batera, Bartzelonan, lanean hasi behar izan zuen; Posentí familiaren etxean neskame lanetan hasi ziren ama-alabak, sukaldean eta nagusiaren alaba gaixoa zaintzen. Baina nagusiaren negozioak porrot egin zuen handik gutxira, eta biek etxea utzi behar izan zuten. Micaelak pentsio txiki bat zabaldu zuen Rossic kalean. Lola, pentsioan laguntzen aritzeaz gain, joskintzan hasi zen bederatzi urte besterik ez zituela. Eta eskola utzi behar izan zuen.
Baina pentsioa eskola libertario modukoa izan zuen Iturbek. Bertan langile askok hartzen zuten ostatu, eta haien bidez jaso zuen une hartako asaldura sozial eta politikoaren berri. Hain urte gutxitan bizitzak emandako jipoiek irakatsitakoari diskurtsoa eta antolatzeko aukera erantsi zizkion. Eta, hala, ez da harritzekoa, 14 urterekin, ehungintza industrian prakagin aprendiza zela, CNT sindikatuan buru-belarri sartzea.