argia.eus
INPRIMATU
Estigma
Eva Perez-Pons Andrade @Eva__96 2022ko uztailaren 20a

Bilbon astero daude manifestazioak eta kontzentrazioak. Garaiaren arabera, ia egunero. Esango nuke ez dudala sekula ikusi horietako bakar batean hiesaren kontrako preserbatibo banaketarik aurtengo ekainaren 28ra arte: Barik txartela eramateko erabiltzen den zorroaren antzeko batean kondoi eta lubrikagarri bana, “eman iezaiozu itzuli bat sexuari” esaldiarekin atonduak biak. Kontrazalean, elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren logoak.

Ideia ikaragarria iruditzen zait kondoiak banatzea, are agerraldi publikoetan jendetza biltzen dela eta ia denok sexu-harremanak ditugula jakinda. Baina, benetan ideia ona al da hiesaren kontrako ikusgarritasuna soilik LGTBI harrotasunaren eguneko manifestazioan egitea, gai horren bueltan jasan dugun estigmarekin? Uste dut arduraz jokatu behar dugula egiten dugunarekin. Asmo ona ez da nahikoa. Berriz ere hiesari buruz kalean hitz egiten den bakanetan LGTBI banderak airean. Berriz ere instituzioak estigma horren sustapenaren atzean.

Edozeinek izan dezake sexu-transmisiozko gaixotasun bat, eta gizon heteroekin oheratzen diren lagunek kontatzen dutenagatik, “sexuari itzulia ematea” gizon heteroei tokatzen zaie nabarmenki, zentzu batean baino gehiagotan.