Emakumezkoak zientziara erakartzeko hamaika ekimen antolatzen dira han-hemen, eskolako lehen urteetatik hasita. Ikusgarritasuna ematen zaie orain arte ikusezin izan ditugunei, ez dadin Marie Curie izan ezagutzen dugun izen bakarra. Eta ze ondo, pentsatzen dut, garrantzitsua da emakumeak zientzian ere egotea.
Nago, ordea, zerbait egiten hasi beharko dugula gizonezkoak letretara hurbiltzeko. Esaterako, ikusten ari gara emakumezko idazleen labealdi berriak. Eta batzuek lortu dituzte sariak, batzuek jaso dute aitortza –beste batzuek ez behar adina, segur aski–. Erresistentziak ere badaude, dudarik gabe, askotan erdi ezkutuan, eta batzuetan azaleratu ere egiten dira.
"Benetan arduratzen nauena da gizon gazteek kasik ez izatea idazteko grinarik. Eta horrek zer ezkutatzen duen"
Konstatazio bat (edo bi): 35 urte bete berri ditut, eta oso, oso bakanak dira ni baino gizonezko idazle gazteagoak gurean. Eta balitz gizon-belaunaldi berriek pauso bat atzera egin dutela, beren mendetako pribilegioari uko egin diotela beste ahots batzuk gehiago entzun daitezen, idazten ari direla baina lagunen artean partekatzeko baino ez, bestelako pretentsio handirik gabe, edo beren gozamen pertsonal hutsagatik… pozez hartuko nuke. Uste dut, tamalez, beste zerbaiti erantzuten diola.
Irati Jiménezek Begiak zabalduko zaizkizue liburuan aitortu du lotsatzen dela idatzitako gauza batzuez, baina pozten dela ez zelako goizegi argitaratzen hasi. 28 urterekin kaleratu zuen fikziozko lehen liburua! Egia esan, niri pena pixka bat ematen dit 25 urteko gizon batek burutan duena eta paper zurian etzanarazitakoa apenas irakurri ahal izateak. Gehiago kezkatzen nau gizon gazteen artean erreferenterik ez egoteak ume eta nerabeentzat. Baina benetan arduratzen nauena da gizon gazteek kasik ez izatea idazteko grinarik. Eta horrek zer ezkutatzen duen atzean. Izan ere, idazlea batez ere irakurle den –edo behar lukeen– neurrian, susmoa dut bakanak direla halaber gizon gazte letrazaurituak –edo lepoletzaileak, nahiago bada–. Batek pentsa lezake literaturak ez dituela erakartzen. Gauza garrantzitsuagotan egongo dira, segur aski. Eta testu honek ez du izan nahi gizon gazte horiei egindako kritika, inola ere.
Maialen Lujanbiok etxeko lanen banaketari buruzko irrati-zutabe gordin batean honako hau zioen: “Neskek etxeko lanen ardura hori utzi egin dute, zorionez; neskek utzi egin dute eta mutilek ez dute hartu”. Kasu honetan emakumeek hartu dute luma, edo teklatua, zorionez, baina zoritxarrez gizonezkoek utzi egin dute.