argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Sator-lana
Aritz Galarraga 2022ko uztailaren 06a

Inoiz hemen esana dugu gustuko ditugula memoriak, oroitzapen bildumak, biografiak, autobiografiak, egunkariak. Egunkariak, intimoak, pertsonalak, idazleek beren gauzatxoak –idazleentzat oso inportanteak direnak, eta, batzuetan, eta soilik batzuetan, irakurlearentzat ere interesgarri gerta daitezkeenak– esplikatzen dituzten horietakoak. Egunkarien baitan kokatuko genuke L’atelier noir, Annie Ernauxen azkena, baina egunkari intimoa baino gehiago litzateke idazketa egunkaria, hau da, liburuak idatzi arteko duda, bilaketa, hausnarrak biltzen dituena, “galeria bukaezinak zeharkatzen dituen satorraren lan hori guztiori, nire liburuen idazketa iragartzen duena”. “Egiazko idazketa” aurreko egunkari bat, alegia, “egiazkoa idazketa” abiatzen duen bezain pronto abandonatzen duena: “ezin diot ihes egin esplorazio fase honi; zeri buruz idazteko desioa dudan deskubritzeko beharra dut”. Inutila izatetik urruti, bilaketa fase hori erabakigarria da liburuaren azken formari dagokionean, izan ere, forma baita Ernauxentzat inportanteena –pixka batean Flaubertek esan zuen hura, obra bakoitzak bere baitan daramala bere forma, bilatu egin behar dena–: “nire aurrekoen errealitatea eta mundu ikuskera traizio egingo ez dien forma literario batera ekartzea”.

Literaturari aitortzen diogun handitasunik ez dugu topatuko hemen, idazketa prozesuen, idazlearen obsesioen biluztasuna baizik, tarteka errepikakor, tarteka kriptiko, zera jakingarriak ere atera daitezke bertatik. Idazketaren sekreturen baten bila gerturatzen dena, ordea, zapuzturik aterako da, ez baita Ernaux berri bat bilakatzeko jarraitu beharreko pausoen gida. Baina egunkari honek zerbait erakusten badu da, gainerako langintza guztietan bezala, sekretu bakarra dela lana eta lana eta lana –“Izututa hamabi urtez proiektu baterako pilatu ditudan oharren kopuruarekin; proiektuak 82an bezala jarraitzen du”–. Eta, halere, lanak ez dizula ziurtatzen, halakorik balego, emaitzaren asebetetzea.