argia.eus
INPRIMATU
Digitalizazio eredu askatzaile bat beharko dugu
BeƱat Irasuegi Ibarra @birasuegi 2022ko uztailaren 11

Teknologia numerikoen garapenak jendartearen emantzipazioa lortzeko tresnak eskaini beharko lizkiguke; baina badakigu ez dela horrela izango, badakigu-eta korporazio digitalek tresna erabilienak datuen, eta ondorioz kapitalaren, metaketarako erabiliko dituztela.

Jendartean zabaltzen ari da gure bizitzen digitalizazioaren inguruko sentipen deserosoa, ez aski kritikoa, baina gero eta gehiago entzuten dut egunerokoan nabaritzen ditugun inertziak ez direla onak. Pertzepzio horretan lagunduko zuten pandemiak behartuta hartu ditugun ohitura numeriko berriek, lehenagotik zegoen arrakala digitala sakondu dutenak, edo egunetik egunera ulergaitzagoa egiten den hezkuntzaren digitalizazio korporatiboaz konturatzeak, ikasle eta irakasleen gaitasunak Google eta Microsoften beharren baitan garatzen dituena. Zerikusia izango du seguruenik burokrazia digitalaren garapenak –ustez laguntzera datozen Ticket Bai, fakturazio eta sinadura digitalek–, negozio txiki eta langile askoren egunerokoa zaildu dutela ikusteak, tokiko enpresa txikien bideragarritasuna ere kolokan jarriz.

"Digitalizazio eredu etiko eta burujabe baterako antolaketa, tresna eta praktika sorta zabala dugu gure inguruan"

Jakin badakigu datuen pilaketa mugagabean oinarritutako digitalizazioa ez dela jasangarria, hodeiak ere energia eta metal urrien kontsumo geroz eta handiagoa egiten duela, eta horregatik gaur egungo ereduak muga fisikoa duela. Baina beste arlo batzuetan egin bezala, zergatik ez dugu gure eguneroko digitala politizatzen? Digitalizazio eredu askatzaile bat garatu beharko dugu, egunerokoan eta pazientzia estrategikoz, ikuspegia politizatuz eta tresnak sortuz.

Zorionez behar horrek martxan harrapatuko gaitu, digitalizazio eredu etiko eta burujabe baterako antolaketa, tresna eta praktika sorta zabala baitugu gure inguruan. Bidearen zati handia egin dezakegu antolaketarako EH Digitala, TEKS elkarte kooperatiboa edo Hezkuntzan Librezale bezalako egitasmoekin; hezkuntzarako Digital Democratic eta Txikilinux bezalako proiektuekin; edo egunerokorako erabili ditzakegun, Odoo, Nextcloud, Wordpress, Linux, Firefox eta beste ehunka tresna librerekin.

Tresna eta egitasmo gehiago sortu beharko ditugu, baina bestelako digitalizazio eredu baten asmoa garatzen badugu, etikoa eta burujabea, izan dadila harremanak lantzeko, zaintza lanak banatzeko, komunitatea indartzeko eta gozamenerako denbora librea irabazteko.