Ilobak “benetako historia bat” eskatu dio amamari. Konta diezaiola historia bat; amamak, unibertsitateko historia irakasleak, “benetako historia istorioekin nahasten dela” esaten dio. Eta amona-ilobaren arteko elkarrizketa luzea da Sarrionandiak liburu honetan eskaintzen diguna. Elkanoren bidaiaren kronika bitxia.
Hasieratik abisatzen digu amonak liburuetan ere gezurrak direla, eta informazio horrekin, historiak, istorioak, egiak eta gezurrak erabiliz, amonak Elkanoren bidaiaren berri ematen dio ilobari.
Gazteentzako liburua idatzi du Sarrionandiak, gazteek ezagutu dezaten zer gertatu zen duela 500 urte, nola atera ziren hiru ontzi Magallanesen gidaritzapean merkataritzarako bide berri baten bila; nola jokatu zuten marinelek, zenbat sufritu zuten, zenbat sufriarazi, matxinatu, eskorbutoa jasan… baina irakurleak ez du abenturazko nobela bat aurkituko orri hauetan, hori baino gehiago da amonak ilobari kontatzen diona. Arrazakeriaz, botereaz, memoria historikoaz, harreman ekonomikoez eta beste mila kontuez arituko dira solasean amona-iloba. Sarrionandiak abentura edo itsasaldi ezagunaren kontakizuna darabil bestelako gaiez, antzinako jokabideez baina baita gaurkoez, aritzeko. Ares ilustratzailearen irudietan ikus daitekeen bezala naoak eta gerraontzi modernoak irudi berean ager daitezke, edo Vietnameko gerran napalmez erretako neskatoa Elkanoren ontzietatik ihesi. Liburuak, beraz, irakurketa ugari eskaintzen ditu, iraganaren aitzakiarekin gaurko egoera hobeto ezagutzeko aukera.
Elkarrizketa luze bat da 160 orrialdetan kontatzen den bidaia, eta elkarrizketa horretan amonaren kontakizunaz gain ilobaren galderak, komentarioak eta gogoetak ageri zaizkigu amonaren erantzunekin, ekarpenekin, gogoetekin batera.
Irakurlea gustura murgiltzen da kontakizunean, bitxikeriak (Elkanok erregeari desobeditu ziolako eman zion bira munduari, esaterako), datu historikoekin edo itsasaldi baten abenturarekin ageri zaizkigu. Baina hori bezain interesgarria da amonaren eta ilobaren arteko harremana; gaztearen jakin nahia, iragana eta oraina ezagutzeko duen grina, eta sentimendu horrek eramaten du amona istorioa kontatzera, historia erakustera. Eta gu, haiei begira, disfrutatzen narrazioaz eta Aresen irudi paregabeez.