argia.eus
INPRIMATU
Erabileran kale!
IƱaki Murua 2022ko ekainaren 28a

Kale erabilera neurtu du Soziolinguistika Klusterrak eta emaitzak argi dio: beheranzko joeran doa euskarazko jarduna. Eta hori soilik balitza, hutsa. Gainera, euskarazko elkarrizketa kopurua Gipuzkoan %31 da, baina %9 Bizkaian eta %5/6 gainerakoetan. Zortzi lagunetik bat ari omen da euskaraz kalean eta horri eusten omen diogu azken bost urteotan.

Lurralde guztietan egin omen du behera adinekoen euskaraz egiteko hautuak. Gehien edo ia gehien hitz egitetik gutxien hitz egitera pasatu dira. Horrela esanda eta izurrite garaian adinekoen heriotza tasa zenbatekoa izan den jakinik… baina, barre egiteko kontua ez den arren, umorea galdu gabe segi dezagun.

"Zertarako dugu gero eta gehiagok gure hizkuntza jakitea ez erabiltzekotan? Zertarako bizia ez…? Zertarako lurra?"

Izan ere, gazte eta nerabeen artean “bizi” dugun egoera ez da kriskitinak jotzen hastekoa. COVID-19 izurritearen garaian bizi izan omen dira zoriontsuen, etxean sartuta, Play, Facebook… edo dena delakoaren aurrean eguna pasatuz, inori konturik eman beharrik gabe, gurasoen otorduak baliatuz beraiekin harremana une puntual horretara mugatzen zutela. Eskolara joan behar izan dutenean azaleratu dira ezinak eta gabeziak: bizitzeko gogorik ez; beren buruaz beste egiteko tentazioa izan du askok.

Eskolak zer funtzio edo betebehar du? Eskola esatean irakasleak esan nahi baita. Tutoreak zertan saiatu behar du, emaitzak aztertu eta gurasoei lehendik badakitena berresaten? Edozein gaitan ari den irakasleak bere gaia eman eta kito, ala aurrean dauzkan pertsonak zein egoera animiko, psikiko, sozial... bizi duten ere kontuan izan behar luke? Unibertsitateak sortzaileak, ekimeneko jendea, gogoetan trebatuak prestatzen omen dituela dio, baina horretaz galdetu dieten ikasleek ez dute beren burua ezaugarri horietan jantzirik ikusten.  Eskatzea eta esatea libre!

Eta hiriak, etxebizitzak pilaka eraikita dauden leku (ohituraz bizileku deituak) horrek, zer funtzio du? Balkoia soilik falta al dute kaleko etxe gehienek? Zergatik pilatu gaituzte irabaziei begira egituratutako gune horietan? Hiriak zenbat du bizi lekutik eta lekua bizitzea noiz, non baztertu/ahaztu dugu? Bo, eta ezin ahaztu etxegabetzeak, okupak eta abar.

Erabileran kale egin dugu eta egiten ari gara; zertarako dugu gero eta gehiagok gure hizkuntza jakitea ez erabiltzekotan? Zertarako bizia ez…? Zertarako lurra? Baserri hutsak, ekologia,  eskola, ikasketak… etorkinak…