argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Konplikatua da
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2022ko ekainaren 23a

Boris Pahor zendu da. 109 urterekin. Senekari arrazoi emanez, bizitzaren laburtasunari dagokionean. Nahiz ez zen izan bizidunen arteko bat, 1945etik, ezpada Natzweiler-Struthofetik bizirik ateratako bat, alegia hilen artetik. Bizirik atera izanaren erruduntasunak jota bizi izan zen, beraz, gehienera. Desleialtasuna ote da biziraun izana, osoki, gainera, are gozoki? Halako zalantzak aletu zituen Necrópolis izeneko liburuan, turista talde frantziar baten alboan, hogei urteren buruan kontzentrazio-esparrura egindako bidaiaren ondotik. Egintzak gertatu ziren bezain gordin azalduz, inolako hunkigarrikeriarik gabe: “Inork, halere, ezin du ukatu bere izatearen barnean kontsolamendua sentitzen duenik, arriskuaren aurrean bera ez beste bat dagoenean. Kondenatu bati edaria eskaintzeko keinu bihozberan, ontasun mugagabe bat egoteaz gain, esker on pizar bat ere badago, zu baitzara besteari eskaintzen diona, eta ez bestea zuri”.

Baina, genozidio-literatura horren aldean (sorpresa batzuk eskaintzen dituen arren, jada nahiko murtxikatua), espero ez nituen gauzak irakurri ditut Pahorrenean. Xumeago, bere Italian esloveniar izateaz ere ari da, “Italiako estatuak gure identitatea suntsitzen zuen gure lurrean berean”, edo “Ez nuen ulertzen nola norbait kondenatua izan zitekeen bere gurasoak maitatu zituen hizkuntzan hitz egiteagatik” dioenean. Claudio Magrisek hitzaurrean idatzi bezala, “Pahorren patuaren ironia politikoa baita bera eta Triesteko beste esloveniar batzuk italiar gatibu gisa izena emanda egotea”. Elkarrizketa batean utzi zuen erortzen: “Trieste konplikatua da, Katalunia eta Euskal Herria konplikatuak diren bezala” –eta, ai, ezagutu izan balu Txingudiko badia!–. Ziur nago, halere, nahiago izan zuela jaiolekuaren konplikatutasun hori, zer dakit, ezer pasatzen ez den lurralde batean sortzea baino. Gatazkarik gabeko eskualdeak existitzen baitira, baina ezin dut imajinatu zein puntutaraino izan daitezkeen aspergarri.