argia.eus
INPRIMATU
Gure protesiak
Castillo Suárez @casti_suarez 2022ko ekainaren 22a

Etxe bat husten duzunean beti geratzen dira kantak; etxetik ateratzea aholkatzen dizuten lagunak zein etxearekin geratzea dela onena esaten dizutenak; etxebizitza-agentzietako iragarkiak; medikuetarako hitzorduak; desagertutako hizkuntzak. Norbait maite duzunean, harekin bakarrik erabiltzen duzun hizkuntza sortzen duzu. Lengoaia hori hil egiten da harremana eten egiten denean. Gure bizia, gure puskak, berriz ikusiko ez dugun jendearengan uzten ditugu. Horregatik  bizitzea da maite gaituztenak galtzea eta berriz bilatzea, labur esanda. Izan ere, maite gaituztenean sentitzen gara indartsuen, indartsu gaudenean baino gehiago, nahi baduzu. Baina euria ustekabean etortzen da, bizitzako pertsona interesgarriak bezala. Eta ezin da zer egin euria eteteko. Berdin gisan, ezin da ezer egin abandonatuko zaituela erabaki duena geldiarazteko. Eta beharbada erakartzen gaitu abandonatuko gaituenak, edo horretarako asmoa duenak; baina gurekin geratzen direnak, erabakita edo ez, horiek dira gure protesiak: hazkura ematen digute, mina ere bai tarteka, baina horiek gabe ezingo genuke bizi.