Ez da lehen aldia esaten dudana, baina Bergarako Fly Shit taldeari zor diogu Deba bailaran (goikoan zein behekoan, osoan) luzaroan hardcorearen garrak piztuta eta sasoi onean irautea. Gutxi, baina ona, ederra. Ume moko batzuk zirenean osatu zuten taldea hainbatek miresten genituen taldeetatik edanez eta haiek gogora ekarriz; eta gerora ibilbide mardula egin dute, ikasitakoa biderkatuz eta aberastuz, betiere musika egiteko plazeragatik, pentsatzen dutena konpartitzeagatik eta moda zein azaleko balioetatik at dagoen eszena konkretu bat babestu eta elikatzeko.
Pandemia erdian bizi izan genuen geldiune akabaezinaz nazkatuta, kontzertu berezia egin zuten Bergarako Kartzela Zaharrean ikusleak kameraren bestaldean zituztela; helburua, haien barruak askatu eta garai zail horietan zaleekin egiten dakitena konpartitzea, egoera hotzean izan behar bazuen ere, ondo, sentikor. Bada, Rsound-ek grabatu, Tabuk (Solostudios) nahasi eta masterizatu, eta orain hilabete batzuk taldearen 25. urteurren kontzertuan –gau gogoangarria– oparitu zuten emaitza CD formatuan.
Hamar kanta borobil, zuzenean, publikoaren berotasunik gabe biluzik, baina era berean indartsu eta hunkigarri, gorputzak eskatzen zuenari jarraituta. Ez dago kanta berririk, baina –nork esango luke– badute bestelako ñabardura: Bizitza baina nola bizi? haien iraute-asmo eta aurkezpen-txartela da. Kaleak berreskuratu orduan eta orain aldarrikatzeko moduko eskola zaharreko hardcorea, azkarra. Bidai klandestinoa Bap! handien gaur egungo sasikumea izan liteke. Heriotz gurutzatuak istorio sarkorrak, post-hardcorearen esentzia eta tempo erdiak batzen dituen kanta erraldoia. Fly Shit II salto eta erritmo askoko pieza jostaria, abiadurazkoa. Badaezpadakoak RKL zenari gorazarre bizi-bizia, instrumentazioan pareko. Barneko ahotsaren bila rockeroa, pisutsua eta oso aberatsa, desberdina. Piramidean eskola zaharrekoa, iluna. Sareetan harrapatuta premonitorioa eta gaurkoa: Eta, azkenik, Bizitzak zabortegietan hit melodiko sentikorra.