argia.eus
INPRIMATU
Latinoamerikako eta Kolonbiako partida
Asier Blas Mendoza @AxiBM 2022ko ekainaren 16a

Nazioartean bizi dugun krisia azkartzen ari den bitartean, potentzia nagusiek ahaleginak egiten dituzte beraien aliatuak eta basailuak motzean lotzeko bloke kohesioa lortu asmoz. Lan honetan AEBek arazo asko dauzkate, adierazle esanguratsua da Washingtonek Ukrainaren inbasio errusiarraren harira Moskuren aurka abiatutako gerra ekonomikoarekin gertatzen ari dena. Errusiarren aurkako zigorrak eta jazarpen paketea batez ere Mendebaldeak jarri du martxan, ez aldiz Hegoalde globalak.

Latinoamerikan Kolonbiak soilik onartu ditu Washingtonek Moskuren aurka hartu dituen neurriak, baina gainerako kontinenteko herrialdeek bezala, ez ditu inplementatu. Errealitate hori aldatu nahi du AEBk Los Angelesen ospatuko duen Ameriketako IX. Goi Bileran. Halere, antolakuntzak berak buruko min handiak eragin dizkio. Kubaren, Nikaraguaren eta Venezuelaren bazterketak Andrés Manuel López Obrador (AMLO) Mexikoko presidentearen erantzuna eragin zuen, aurreratuz ez zela Los Angelesera bertaratuko herrialde amerikar guztiak ez zeudelako gonbidatuak. Hortik aurrera, arrazoi antzekoengatik edo beste batzuengatik herrialde askoren zentzu bereko adierazpenak iritsi ziren: besteak beste, Bolivia, Guatemala eta Brasileko presidenteak eta Karibeko komunitateko hamabost herrialdeak. Beste batzuk, boikotarekin bat egin ez, baina Washingtonek harturiko erabakia kritikatu zuten. Azkenik, AEBek presio diplomatiko handia egin behar izan dute, adibidez, Jair Bolsonaro bezalako agintariak goi-bilerara joan zitezen.

"AEBentzat ez dira garai onak Latinoamerikan. Pazifikoko estatuak, Washingtonek beti kontrolatuagoak izan dituenak, emantzipatzen hasi dira etorkizun demokratikoagoa eta justuagoa eraikitzeko bidean"

AEBentzat ez dira garai onak Latinoamerikan. Pazifikoko estatuak, Washingtonek beti kontrolatuagoak izan dituenak, emantzipatzen hasi dira etorkizun demokratikoagoa eta justuagoa eraikitzeko bidean. Lehenbizi AMLOren garaipena iritsi zen Mexikon, ondoren Pedro Castillok irabazi zuen Perun, eta azkenik Gabriel Boric-ek lehendakaritza lortu zuen Txilen. Baina olatua ez da amaitu oraindik, Kolonbiako partida jolasteke dago. Bigarren itzuliko hauteskundeen emaitzak aurresatea ez da erraza, gogora dezagun 2021ean Ekuadorko hauteskundeetan Andres Arauz hautagai correista-k Guillermo Lasso enpresari kontserbadorearen aurka galdu zuela inork gutxik espero ez zuenean. Hedabideak eta oligarkak oso boteretsuak dira, ia Osaba Sam bezainbeste.

Gustavo Adolfo Petro-ren lehendakaritzarako hauteskundeetako balizko garaipen baten aurrean, Joe Biden sartu zen hauteskunde-kanpainan, NATOko kide ez diren herrialdeen artean Kolonbia ofizialki izendatuz AEBko Aliatu Nagusi bezala. Ekainaren 19ko igandean Petrok eta Francia Márquezek (presidenteorde izateko hautagaiak) hauteskundeak irabazten badituzte, Kolonbiak egin duen ibilbide historikoagatik AEBekiko dependentzia asko kudeatu beharko dituzte. Gauza bera gertatzen zaie Borici Txilen edo Castillori Perun. Horrez gain, hiru herrialdeak planetako desorekatuenetakoak dira, eta horregatik dute oligarkia ekonomiko oso indartsua; ondorioz eskuinak, hauteskundeak galdu arren, erabaki politikoak eta herrialdeen bilakaera baldintzatzeko gaitasun erabakigarria jarraitzen du izaten. Edonola ere, hauteskunde borrokak merezi du, Kolonbian ezkerraren garaipena benetako bakea ekartzeko eta jendarte justuago bat eraikitzeko aukera izateko baldintza da. Dena egiteko dagoen tokian, kalitatezko eskola publikoak eta osasun unibertsala beharrezko jomugak dira Kolonbia aurrerakoi eta gero eta burujabeago bat eraikitzeko. Ez da erraza izango, nahiz eta hautagaitza aurrerakoiak hauteskundeak irabazi, baina, hain zuzen ere, pertsona xume eta ahulenengatik, saiatzeak merezi du.