argia.eus
INPRIMATU
Kronologia
Gaztelu bat, herri bat eta mila urte
Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko uztailaren 19a

1095
Amaiur edo Maier dokumentuetan agertzen da lehen aldiz, Baionako katedralari egindako dohaintza batean.

1266
Bidesariei loturiko lehen erreferentzia. Halako gazteluak muinoetan kokatzen ziren, eta funtzio militarra izateaz gain, merkataritza kontrolatzeko ere erabiltzen ziren.

1389
Amaiurko gazteluko bost dorreak egoera kaskarrean zeudela adierazi zuen obra maisu batek.

1452
Joan II.aren eta bere seme Vianako Printzearen arteko gatazketan –agaramontar eta beaumondarrak– gazteluari eraso egin zioten.

1512
Nafarroako konkistarekin, gaztelarren esku geratuko da. Hurrengo urteetan “trantsizioko gotorleku” bilakatu zuten, kubo erdizirkular, uharka eta horma lodi berriekin, artilleriaren erasoari aurre egiteko.

1521
Nafar erregearen aldeko tropek gaztelua berreskuratu zuten eta Jaime Belaz Medrano jarri zen defentsaren buru.

1522
Amaiurko borroka eta suntsipena. Defendatzaileak preso hartu eta hiru astera, gotorlekua zimenduak eta guzti leherrarazi zuten. Harrobi bezala erabiliko da eliza, etxeak eta hesiak eraikitzeko harriak lortzeko.

1637
Europako Hogeita Hamar Urteko Gerraren testuinguruan gotorleku berria eraikitzen hasiko dira, baina handik hiru urtera lanak bertan behera utzi zituzten.

1794
Gazteluaren muinoan zegoen ermita aprobetxatuz, Konbentzioaren Gerran behin-behineko gotorleku bat eraiki zuten, baina frantziarrek suntsitu zuten ondoren.

2006
Amaiurko herriak eta Baztango Udalak indusketak hasi zituzten auzolanean, Aranzadi Zientzia elkarteak gidatuta. Gazteluko zati garrantzitsuak azalerazi dituzte eta aztarna ugari jaso ( XV. mendeko ezpata bat, kanoi bolak…); gainera, ingurua museo bihurtu dute.

2010
Aitor Pescador Aranzadiko kideak ordainagiri baten bidez frogatu zuen Amaiurko gazteluko atea Arraiozko Jauregizarreko bera dela, Urtsuako jaunari opari bezala emana 1522an.

2020
Amaiurren Arkeologia Zentroa ireki zuten gazteluari eta herriari buruzko informazioarekin.