Amaiurko 1522ko gertaera “ikur historiografiko bezala nahiko garaikidea da”, azaldu du Xabier Irujo historialariak Hernaniko Amaiur gogoan jardunaldietarako Youtuben paratutako bideoan: “Nafarroak erreinu izateari utzi zionean 1841ean –eta bigarren karlistaldiaren ondoren 1876an– Amaiur erresistentziaren ikur bilakatzen da”.
Juan Iturralde y Suit idazle eta margolari iruindarra izan zen lehenengotakoa Amaiur aldarrikatzen XIX. mendean, berak sortutako Nafarroako Euskal Elkargoaren bidez, eta 1922an lehen obeliskoa inauguratu zen –besteak beste Julio Altadill eta Arturo Campionen bultzadaz–, borrokaldiaren 400. urtemugan. Baina 1931n errepublika ezarri eta gutxira eskuindarren atentatu batek deuseztatu zuen monumentua eta ez zen 1982ra arte berregin. “Bitarte horretan, abertzaletasunak Amaiurren atzean zegoen historia garatu eta bere egin zuen”, dio Irujok.
Geroztik, 1936ko Gerrako batailoiak, ETAko komandoak, aldizkariak eta koalizio politikoak sortu izan dira izen horrekin, besteak beste.
Nafarroa Berriz Altxa: “500 urte geroago hemen gaude zutik”
Gaur egunera etorrita, subiranotasunaren aldeko mugimenduaren topagune bihurtu da Amaiur. Nafarroa Berriz Altxa ekimenak ekainaren 5ean egindako Amaiuraldia-n esan zuen 500 urte pasa izanagatik, “gaurkotasun” handiko aldarrikapena dela, “egunerokotasunean eragina duten erabakiak non eta nork hartzen dituen” gakoa baita euren ustez.
“Zer eta nola kontsumitu behar dugun baldintzatzen dute –azaldu zuten Amagoia Susperregik eta Eneko Compainsek gaztelua dagoen tontorretik, ehunka lagunen aurrean–, lan harreman markoa edo gure gastu aurrekontuek izan behar duten gastu sabaia arautu… Hemen libreki hartzen ez diren erabakiek, nafarrek krisi ezberdinei ematen dizkiegun erantzunak baldintzatzen dituzte: krisi klimatikoa, elikadura, energia edo migrazio krisiei, esaterako”.