Obninsk (Sobietar Batasuna), 1954ko ekainaren 27a. Moskutik 110 kilometrora eraiki berri zuten zentral nuklearra sarera konektatu zuten lehenengoz eta, hala, energia industrialki ekoizten zuen lehen erreaktore nuklearra izan zen.
2002ko apirilaren 29ra arte egon zen martxan Obninsk, arrakastaz, eta urte horietan guztietan ez zen istripurik izan erreaktore bakarreko plantan. Baina esan beharra dago erreaktoreak oso eskala txikian ekoizten zuela energia eta, gainera, soilik lau urte eman zituela sare publiko edo komertzialera konektatuta; 1959az geroztik, isotopoak ekoizteko eta ikerketarako erabili zuten Obninskeko erreaktorea.
1951ko urtarrilaren lehenean hasi ziren erreaktorea eraikitzen. Urte gutxitan izugarrizko garapen teknologikoa lortu zuten zientzia atomikoa energia ekoizpenerako erabili ahal izateko, eta ez soilik Sobietar Batasunean. Gerra Hotza piztu berri zen eta AEBek ez zuten atzean geratu nahi maila askotan jokatzen ari zen gatazka hartan. 1949an AEBetako Energia Atomikoko Batzordeak orube zabal bat erosi zuen Idahon, eta bertan erreaktoreak probatzeko estazio bat eraiki. 1953rako prest zeukaten STR Mark I erreaktorea. Eta, hala ere, sobietarrek irabazi zieten lehia.
Gerra Hotz teknologikoaren gudu hori irabazteko osagai militarra funtsezkoa izan zen, edo hobe esanda, osagai militarra baztertu izana. AEBetako programaren helburua gerraontziak eta itsaspekoak energiaz hornitzea zen, eta sobietarrek, aldiz, behar zibilak asetzeko erabiliko zuten. Zalantzarik ez dago erabakia kontzienteki hartu zutela: Obninskeko zentralari Atom Mirnyi edo “atomo baketsua” izenordea jarri zioten.
Atomo hori funtsezko mugarri izan zen zentral nuklear zibilen garapenean, baina bakeari ez zion ekarpen handirik egin; gerra eta energia inoiz baino estuago lotuta egon dira orduz geroztik, eta ez soilik Mosku inguruan.