argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Bizitzaren laburtasunaz
Aritz Galarraga 2022ko ekainaren 08a

Puntxa galtzen ari gara: Seneka aipatu, laburzki bada ere, eta haren irakaspen handienetako bat ekartzeko aukera galdu, bizitza guztian lagun izan dudan ideia bat, irakurri nuenetik bederen –MZri irakurri nion egiazki, baina orain badakit dela Senekarena–. Gehiengoaren iritziaren kontra, zeinaren arabera bizitza gauza laburra den, eta bizialdia arin baino arinago iragaten zaigun: “Ez dugu asti gutxi, berau soberan galdu bai, egiten dugu”. Alegia, aski luzea dela bizitza, eginkizunik handienak burutzeko nahiko eta sobera, hura osorik eta ongi maneiatuz gero. Bizitzaren laburtasunaz liburuan dio: “Ez dugu bizitza laburra hartzen, geuk egiten dugu labur”. Luxuan eta alferkerian lardaskatzen denean, gauza onerako erabiltzen ez denean… “saihetsezineko azken orduaren poderioz, zebilenik ere erreparatu ez genuen bizitza joan zaigula sentitzen dugu”. Bizitzaren eragozpenik handiena litzateke, beraz, biharamunari begira gaurkoa galtzen duen esperantza –euskaldunok ezagutzen gaituela dirudi: “Eguna, gauaren esperantzan galtzen dute; gaua, berriz, egunaren beldur”–. Baina tenore osoa norbere onerako gastatzen duena, aldiz, egunak banan-banan, bere azkena bailiran antolatzen dituena, “ez da geroaren beldur, ez irrika”. Besterik da egiteko erraza ote den hori, edo zuzenean eginezina.

Bizitzeari buruz bizitza osoan zehar ikasten da, diosku Senekak, eta bizitza osoan zehar ikastekoa da, halaber, nola hil. Zentra gaitezen lehenengoan, ematen baitu horren gaineko pistaren bat Kordobako filosofoak. Baga: “Zoriontsu da, beraz, naturarekin bat datorren bizitza”. Biga: “Zoriontsu dei diezaiokegu, arrazoiaren poderioz ezeren irrika, ezeren beldur ez denari”. Eta higa: “Iritzi zuzenekoa da zoriontsu; orainaldiarekin, nolanahikoa izanda ere, gustura dagoena da zoriontsu, bere gauzen adiskide dena; zoriontsua da bere gauzen antolaketa osoa adimenpean uzten duena”. Bego.