Iñaki Galdosek maiatzaren 24an Berria-n idatzitako artikuluaren harira iritzi batzuk irakurri ditut sare sozialetan. Galdosek aldarrikatzen du euskara estandarraren beharra eta kexu azaltzen da zenbait hedabidetan euskararen erregistro lokalek hartzen duten presentzia gehiegizkoaz.
Bat etor ninteke esaten dutenekin euskalkien erabilpen demasekoa hedabide ez lokaletan uxatu ditzakeela euskarara hurbiltzen ari direnak, eta euskalkirik “ez duten” euskaldun berriak zokoratuta senti daitezkeela. Baina gehiago arduratzen nau, beste behin, hegoak moztu nahi izatea dabilenari, ibiltzeko gogoa kentzeraino.
Dagoen euskararik onena da egiten dena, ia-ia edonola egiten bada ere. Eta euskararen etsairik handiena da euskara nola, noiz, norekin egin behar den ezarri nahi duen dotrina. Zenbateko kaltea egin zaio euskarari, hobe beharrez!
Zinez uste dut naturaltasuna dela hizkuntzari egin dakiokeen opari ederrena: natural komunikatu, natural adierazi norberak dakiena, edo ez dakiena.
Zorionez, gazteek ez digute kasu handirik egiten helduoi. Nahi dutena egiten dute, nahi dutenean. Eskerrak. Maiatzaren 21ean Donostian egin zuten bezala. Merci!