Hitz batek, existitzen ez delako, ia dena esan dezake. Beste hitz batek, nekatutik, ez du ezer adierazten. Hitz ezezagunak proposamen berria egin diezaguke. Eta badira hitz jolastiak ere.
Amazoniako basoan bizirauten duen tribu batean ‘bakardadea’ hitza ez dutela ezagutzen irakurri berri dut. Galdetuta, bertakoek erantzun omen dute ez dutela ulertzen nola egon zaitezkeen bakarrik naturaz inguraturik bazaude. Bakarrik ala hutsik? Horiek bi kontzeptu ezberdin dira, nahiz eta sarri elkarrekin dantzan dabiltzan. Agian, Xabier Letek aipatzen zuen ezerezaren ezerezaz galdetu izan baliete ere, prest izango zuketen ikertzaile orojakileari matrailak gorritzeko moduko erantzunen bat. Egunsentiko esku izozturik ez, itxuraz, baso emankorrean.
Ukrainako inbasioak erakutsi digu ezer adierazten ez duten hitzak ere badirela: demokrazia, bakea, gatazka… duintasunik gabe, erabileraren erabileraz, hitz nekatuak dira. Kolorgetu egin dira, eta zentzurik gabe dabiltza agintarien ahotan. Ezkutatzeko balio dute azaltzeko baino gehiago. Engainatua izan nahi duenari zuzenduak, pentsatu beharrik izan ez dezan.
"Hitz bakar batzuk propio gure bidean jarriak dirudite, beraiekin jolas egin dezagun"
Beste hitz batzuk probokatu egiten gaituzte. Fukungisisa, esate baterako. Zimbabweko Shona hizkuntzak berea duen hitza da. Depresioa adierazteko hitzik ez dute inguru hartan, eta ‘gehiegi pentsatzea’ adierazten duen kontzeptua erabiltzen dute. Borborrean dabilen kezkaren emariak lepagaineko errotari pausatzeko betarik ematen ez dionean gertatzen denaz ari direla uste dut. Badakizue, gai bati bueltak eta bueltak ematen zaizkionean, beti hasierako tokian amaitzeko.
Horren harira, euskaraz ‘tristealdia’ erabili ohi dugula otu zait. Baikortasunera bultzatzen gaituen hitza: ‘aldia’ bada esan nahi baitu, behar den bezala artatuz gero, atzean uztea lor daitekeela ( Pentsatzen nian, bai, ‘Ogrue’ ez hintzela ados egongo!)
Hitz bakar batzuk propio gure bidean jarriak dirudite, beraiekin jolas egin dezagun. Hona hemen gertu topatu ditudan ale batzuk: ‘prentsa’ ideiak zukutzeko tolarea ote da? Eta, ‘prekaritatea’ kalean eskean hasi aurreko garaia ote? Hain gutxitan erabiltzen den ‘autokritika’ egunkarietan zein kotxe erosi behar dugun argitzen digun orria, akaso? ‘Presioa’ eta ‘prezioa’ hitz bera izan daitezke azpeitiar baten ahotan. Baina presioa al da hilero etxera soldata eramateko ordaindu behar izaten dugun prezioa? Bukatzeko, ‘arrakala’. Gizonezkoak al gara ba, lanpostu berean arituta, lan baldintza kaxkarragoetan aritzen garenak?
Ibili-ibili eginda, ez ote da kontua bakardadeari beldurrik ez dionak ez daukala gehiegi pentsatu beharrik? Hala izan ala ez, bizitzak gain hartzen digunean, hitzak alperrik dira.