Reading (Ingalaterra), 1897ko maiatzaren 19a. Oscar Wilde (1854-1900) idazle irlandarra espetxetik irten zen, “sodomia eta lizunkeria larriagatik” bi urtez giltzapean egon eta gero...
Lauzpabost egun lehenago, maiatzaren 14an edo 15ean, Berlinen, Batzorde Zientifiko Humanitarioa (Wissenschaftlich-humanitäres Komitee, WhK) sortu zen, harreman homosexualak debekatzen zituen Alemaniako zigor kodeko 175. artikuluaren aurkako kanpaina abiatzeko; LGBT eskubideen aldeko lehen erakundea izan zen.
Duela 125 urte bi gertakariok egun gutxiren buruan kointziditzea kasualitatea da, baina garai hartako homosexualen aurkako giro bortitza, ordea, ez. Oscar Wilde pertsona ezaguna zen eta hari ezarritako zigorra eredugarria izatea bilatu zuten. Epaiak oihartzun handia izan zuen, eta sexu nahiz genero askatasunarekiko intolerantzia gordintzea eragin zuen, ez soilik Britainia Handian, Europa osoan baizik. Artista homosexual askok errepresaliak jasan zituzten. Alemanian, esaterako, Paul Höcker margolariak erbestera jo behar izan zuen.
Hirschfelden etxean bertan sortu zuten Batzorde Zientifiko Humanitarioa eta haren teoria hartu zuten oinarri: homosexualitatea gizonen eta emakumeen arteko “hirugarren sexu” biologikoa zen
Alemanian 127. artikulua indarrean zegoen, gizonezkoen arteko sexu harremanak kartzelarekin zigortzen zituena; legeak ez zituen emakumeen artekoak jaso ere egiten. Eta lege horren aurka egiteko bildu ziren Magnus Hirschfeld sexologoa, Max Spohr editorea, Eduard Oberg jurista eta Franz Joseph von Bülow idazlea. Hirschfelden etxean bertan sortu zuten Batzorde Zientifiko Humanitarioa eta haren teoria hartu zuten oinarri: homosexualitatea gizonen eta emakumeen arteko “hirugarren sexu” biologikoa zen. Batzordeak ez zuen lortu teoria hedatzea eta onartzea, baina helburu garbia zeukan: homosexualitatea jaiotzetik bazetorren, hautatutako jarrera ez bazen, zuzenbideak ezin zuen zigortu.
1897ko udaberriko aste horretan gertatutakoak ez zuen berehalako aldaketa ikusgarririk eragin. Oscar Wilde “materialki eta espiritualki lur jota” irten zen espetxetik, Frank Harris idazle irlandarraren hitzetan, eta geratzen zitzaizkion urte apurrak erbestean, Frantzian, eman zituen. Hirschfelden determinismo biologikoak barne zatiketak eta kritikak eragin zituen batzordean. 1929an Hirschfeld bera dimititzera behartu zuten. Beraz, 1933an naziek Batzorde Zientifiko Humanitarioa desegin baino lehen ere, LGBT eskubideen aldeko mugimendu antolatuaren aitzindaria ahulduta zegoen.