argia.eus
INPRIMATU
Beleari barre
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2022ko maiatzaren 18a
Post mortem | La Furia | Baga-Biga, 2022

La Furia (Nerea Lorón) ez da ohiko sortzailea, eta parean izan dituen bide malkartsuenak –bereak, propioak– hartu ditu beti. Izan ere, emakumea izateaz gain, nafarra ere bada. Gizonek agertokiak edozein moduz bere egiten ikusita, amorruz, konbikzio osoz eta duintasuna helburu, pausoa eman zuen bakar-bakarrik beraren eta beste batzuen duintasuna eta lekua berreskuratzeagatik.

2013an kaleratu zuen lehen diskoa, No hay clemencia izenekoa, basamortu baten erdian baina harriei ere haginka eginez; astindua eman zuen eta, are gehiago, diskurtso gaurkotuari bere iraganeko eta jatorriko, erraietako, musika jantziak gehitu zizkion, eskema ugari apurtu eta diskurtso feministari transbertsalitate handiagoa –behar duena– emanez. 2017an Vendaval-ek jarri gintuen zaplazteko batez airean: mezu landuagoak eta zorrotzak erabat. Munduko emakumeak batzeko ahalegin –eta baita lorpen– kamikazea. Pecadora-k ekarri zuen berriro musikalitate –hitzaren esanahi bikoitzean– askotarikoagoa eta bolbora usaina zabaldu zuen giroan.

Orain, sortzaileentzat zein beste guztiontzat itogarria izan den garai ilun honen ostean, Post mortem dakarkigu magalean: bizipenek zauritu ostean berriro zutik jarri den La Furia amorratuago ez, baina jakintsuagoa. Hala ere, adi!, armek kargatuta diraute eta rapak gori-gorian.

Estrellitas en el cielo de mi cama flamenkotik gogoz edaten duen mendeku gozagarria da, esperotakoa. De oro del bueno latinoa eta melodikoa da erabat, autotunearekin reggaeton abestuta. Que se muera la pena dub, tempo lasaiko rapa eta hastapenetako technoaren arteko negar-kanta lotsagabea. Solo un cuervo kantutzarra da, 713avo Amor-en pareko sentimenduz abestutako drum&bass sehaska-kanta itzela. Eh da kaleko oihu askotariko, inklusibo eta eztandagarriena batzen duen electro-swing pieza zoragarria. Amaia erraietara bidaiatzea errazten duen erromeri-rapa. La petite muerte probokazioaren eta gozamenaren arteko ezkontza. Vuelta electro-happy-aren itzulera. Ladrido lepora zuzenean doan rap eskolako adibide zuzen eta iluna. Eta, bukatzeko, bizitzari buelta eta buelta ematen dion Ama deiadarra.