Hegazkinez bidaiatzen dudanean bakarrik egiten dut maiz. Egun osoa neukan Santiago Compostelan egoteko hegazkina hartu baino lehen. Lan eguna zenez, bakarra nintzen museoetan eta liburu dendetan. Maria do Cebreirorenak erosi nituen. Xela Arias zenari buruzko erakusketa batean sartu nintzen, hor ere bakarrik: A poesía do retrato. Erakusketak egilearen poema bilduma bat eta Xulio Gil argazkilariak 80ko eta 90eko hamarkadetan egindako erretratuak biltzen ditu. Bikotea osatzen zuten orduan. Biluziak ziren denak. Niri Amaia Lasaren poemak etorri zitzaizkidan burutara. Kalea gurutzatu eta arte garaikide museoan sartu nintzen. Guido Van der Werberren bideo bati begira geratu nintzen, ez dakit zenbat denboraz. Izotza hausteko itsasontzi bat zen, eta pertsona bat zegoen aurrean. Maitasun hautsi bati begira egongo banintz bezala sentitu nintzen. Batzuetan gorroto dut gauzei erreparatzeko dudan joera geldiezina, besteen seinaleak interpretatzera bulkatzen nauena. Bizitzeak errazagoa beharko luke, eta esaten dugunak horixe izan beharko luke: esaten duguna; baina nago denok ahal duguna egiten dugula, ahal dugun bezala maitatzen dugula. Cebreirorenak poltsan gorde ditut eta aireportuan best seller bat erosi dut oharkabean pasatzeko hegazkinean.