argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Literatura femeninoa?
Aritz Galarraga @aritzgalarraga 2022ko maiatzaren 11

Gehigarri kulturalek batzuetan betetzen dutela beren zeregina, aizue: halako batean ehizatutako pieza baten ondorioz iritsi naiz Siri Hustvedt idazlearen azkena, Madres, padres y demás, irakurtzera. Jaso dituen laudorio hiperbolikoak alde batera utzita –“XXI. mendeko Virginia Woolf”–, erantzun benetan argigarriak ematen dituelako. Adibidez hau, literatura femeninoa existitzen ote den galdetuta: “Existitzen bada, idazten duenaren gorputzetik bananduta dago. Zentzu horretan, esan daiteke Henry James idazle femenino bat dela eta Gertrude Stein idazle maskulino bat”. Interesgarriago iruditzen zaio, ordea, mugak ezabatzea, “guztiok errotuta dauzkagun kategoriak leherraraztea, humanoa eta naturala, maskulinoa eta femeninoa, zerua eta infernua. Emily Bröntek egiten duen gisan Gailur ekaiztsuak nobelan, lan sakonki filosofiko bat, edo Virginia Woolfek, Farorantz eleberrian, inoizko literatura maistra-lan handienetako bat”.

Liburuan gehixeago garatzen ditu kontu horiek, adibidez “Fantasmas mentores” izeneko testuan: “Henry James murgildu izan zen femenino deitu izan dugun horretan, eta Gertrude Stein maskulinoa dela imajinatzen dugunean”. Suposatzen da “gizonezkoak direla goranahi literario, akademiko, zientifikoa helburu duen borroka edipiko batean nahasten direnak”; eta emakumezkoak “borrokalekutik kanpo geratzen dira, edo sukaldetik atera gabe”. Baina, benetan, “femeninoa dena eta maskulinoa dena nahastuta daude, ezpuruak dira, nahaste-borraste bat”. Ez da harritzekoa, hartara, “jendeak egiazki ez gauza bat ez bestea den pertsona bat bezala bizi nahi izatea”. “Fronteras abiertas” izenekoan, aldiz, zera dio: “Sexu diferentziak”, eta sexu itzuli diote, baina agian genero esan nahiko zuen, “funtsezkoa izaten du jarraitzen munduak gaur egun nola funtzionatzen duen ulertzeko”. Eta hori horrela izango delakoan nago, helburu beharko lukeen generoen deuseztatzea gauzatu arte.