argia.eus
INPRIMATU
Harrapatuko zaitu
Xalba Ramirez @xalbaram 2022ko maiatzaren 11
MÄIRÜ | Egilea editore, 2022

Trantzerako musika ekarri du Lapurditik Mäirük. Musika elektronikoak eta tribalak, edo tradiziozkoak, errepikapena dute oinarri. Ez duzu kanta ezagutu behar dantzan hasteko. Bigarren bueltatik aurrera norberak badaki zer egin behar duen.

Lau urteko bilaketa egin du Mäirü taldeak izen bereko disko hau lortzeko. Perkusioan oinarritutako musika garatzen joan da: biziki basa zena harmoniaz eta melodiaz garatuz. Bederatzi musikariren artean izan da bilaketa: txalapartak, perkusioak, bateria, sintetizagailuak, flauta, gitarrak eta ahotsak.

Etzan-ekin ireki dute albuma, eta hemen ikus daiteke harmoniaren garrantzia, gitarra baitu oinarri kanta silabikoak. Animale Heroina pieza kanonikoa da: erritmo bizi eta dantzagarria, soinu luze eta begiztatuak eta ahots errepikakorrak.

Oihan beltzean kantan lortu duten emaitzak pizten du jakin-mina. Buklea da oinarri, oso elektroniko eta perkusiozko, baina ahotsaren melodia ere errepikapenean oinarritu da, kanona eta harmonia bihurria lagun. Perrine Feriolen zeharkako txirula eta Txomin Ugartemendiaren sintetizadoreen arteko elkarrizketak jantzita.

Detroiten sortu zen techno musika 80ko hamarkadan, desindustrializazio eta deslokalizazioak suntsitutako hiri batean. Etorkizun eta esperantzarik ez zuten gazte batzuk fabrika abandonatuetan hasi ziren biltzen, Juan Atkins, Derrick May eta Kevin Saunderson gazte afro-amerikarrek asmatutako musikaren bueltan. Hamabi ordutik gorako saioak ziren, alkoholik eta drogarik gabe, bi urtez kasik egunero, munduak –edo, hobe, merkatuak– deskubritu zituen arte.

Techno rebels hitzetik omen dator technoa, afro-futurismoarekin lantzen zuten ikuspegietatik. Mäirük, nahita edo nahigabe, euskal futurismoan urrats bat eman du, estilo deitzen zaion klixeetatik ihes eginez.

Izan ere, aldaketa handiak ez datoz ezinbestean egitura handietatik. Beti dago hazi bat nonbait, etorkizuna daramana bere barnean, biharra loratu eta lehertzeko prest. Oker ez banago, bide luzeegia egin du Mäirük honaino iristeko. Baina bidean ikasitako guztia daramate soinean orain, eta udaberriko ibaien emariz garraiatu dezakete ahotsa. Badelako garaia mendi elurtuak lurmendu daitezen.