Lau urte dira Hiruki Larroxa proiektua abiatu genuela. 2018tik parekidetasun eta LGBT+ gaien bueltan lanean; eragiten, hausnartzen, sortzen, ikertzen... Bide ezberdinetatik eraldatzen eta iraultzen. Alegia, transfeminismotik formazioa, aholkularitza, ikerketa, bidelaguntza eta proiektu integralak garatzen gabiltzan hiru maritxu gara gu.
Eta ARGIAko lagunek eskaini diguten txoko honetan ere hausnartzen eta pentsamendu kritikoa sustatzen arituko gara. Sexu askapenerantz garrantzitsuak iruditzen zaizkigun gai ezberdinak plazaratuz.
"Politika identitarioetan erortzen ari ote da LGBT+ mugimendua? Zein da feminismoaren eta sexu askapen mugimenduaren arteko harremana
Euskal Herrian?"
Polemikoak edota interesgarriak zaizkigun gaiak ekarriko ditugu tarte honetara. Izan ere, Twitter formatuko debateak gailendu diren honetan, elkarrizketa horiek lasaitasunez eta behar duten denbora hartuta egin behar direla iruditzen zaigu, eta ez sare sozial digitalen bat-batekotasun eta erritmoen konpasean. Txoko honetan idatzi ditzakegunek, txiolandian bezala, karaktere muga bat badute ere, aukera ematen dute txio-hari amaigabe bat egin baino, hitzen jolasean gehiago aritu, debate-gai ezberdinak plazaratu eta hainbat ertz ukitzeko.
Jendarte eraldaketarako ezinbestekoa den pentsamendu kritikoa sustatzeaz gabiltzanean, nahitaezkoa da pentsamendu eta erregimen zisheterosexuala ere kritikoki aztertu eta iraultzeko beharra. Horretarako, feminismoarekin batera, sexu askapena borroka interesgarria zein baliagarria izan daiteke. Guk ez dugu zalantzarik, ez baitago askapenik, sexu askapenik ez bada. Horregatik, honetara ekarriko ditugunak, sexu askapen borrokaren bueltakoak izango dira.
Zabaldu nahi ditugun meloiak askotarikoak dira. Politika identitarioetan erortzen ari ote da LGBT+ mugimendua? Zein da feminismoaren eta sexu askapen mugimenduaren arteko harremana gaur egun Euskal Herrian? Egia al da sexu askapen borroka edota feminismoa borroka sektorialak direla eta ez dutela benetako indar iraultzailerik? Zein borroka subjektu sartzen dira transfeminismoan? Bazterretan sortzen diren hegemoniek eta horiek sortzen dituzten dinamikak askatzaileak dira? Ala menperatze logikak errepikatzen dira hemen ere? Eta jarrera trans-baztertzaile “feministak” zer? Eta denok desheterosexualizatzen bagara?
Horrelako eta bestelako galderen bueltan aurkituko gaituzue noizean behin atal honetan. Izan ere, lagunok, ezin diogu utzi elkar zainduz eztabaidatzeari eta hausnartzeari, bestela logika eta praktika menderatzaileengandik askatzea ez da posible izango. Hurrengora arte. Besarkada hirukoitz bana!