argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Afera politiko bat
Aritz Galarraga 2022ko maiatzaren 03a

Ez da zehazki Proust galdetegia, baina 26 idazle frantses garaikideri pausatu die galde sorta bera Alexandre Gefen ikerlariak, eta bildu ditu erantzunak La littérature est une affaire politique liburuan; tartean Annie Ernaux, Mathias Énard, Nicolas Mathieu, Alice Zeniter bezalako izenak, gertuago Marie Darrieussecq –zeinari irakur dakiokegun oso euskaldun eta oso frantses sentitzen dela aldi berean; edo beste hau: “ez nuke deus izango Euskal Herri independente, demokratiko, laiko, feminista baten kontra”–. Izenburuak ondo dioen bezala, literaturaren eta politikaren arteko harremanaz dihardute galde-erantzunek, konpromiso deiturikoaz, literatura despolitizatu ote den, edo birpolitizatu, zein diren zera politikodun obra literario handiak. Literatura onak izan behar du arduratsu, engaiatu, politikoa?

Noski, testigantzak dira askotarikoak, tarteka aurkakoak, baina badabil guztien gainetik urrin bat: politika politikoa baino, alegia, politikokeria baino, gaur-gaurko eztabaidak interesatzen zaizkie idazleei, ekologia, feminismoa, lan mundua. Ezezagun dena ezagutaraztea, idazlearen zereginetako bat izanik, dominazioaren angelu itsuak agertu, hitza eman ahotsik ez dutenei, gizajendearen polifonia entzunarazi nahi dute. Gai bat eta ikuspuntu bat aukeratzea jada engaiatzea da, gauzak beste modu batera ikusaraztea politikoki jokatzea. Idaztea bera da engaiamendu bat, beraz, literaturak engaiatzen zaitu, eta literaturak eduki dezake eragin politiko bat munduagan: idazlea politikoki baliagarria da mundua ulertzeko, esan nahi baita, mundua hobetzeko, berritzen du kontakizun kolektibo sozial eta historikoa, eta zentzu politiko berri bat ematen dio munduari. Ahots desberdin eta bereiziak entzutera emanez, literaturak areagotzen du pluralismoa eta eztabaida demokratikoa. Liburu hau irakurri ondorenean, eta libertimendu hutsera lerratu uste den honetan: literatura, besteren gainetik, afera politiko bat da.