Kronika hau aldez aurretik idatz nezakeen, dantzalekuko esperientzia sentsoriala karaktere gutxitan deskribatzea zaila bada ere. Diskurtso hegemonikoa ere gailendu da kultura ofizialaren arrakaletatik kanpoko adierazpenetan. Lur azpian gertatzen denaren kontakizuna eskura eman digute eta uniforme bilakatu dugu. Kronika hau aldez aurretik idatzi izan banu, techno musikaren ahalmen apurtzaileari buruzko hainbat topiko botako nituzke arrapaladan, arnasestuka, teklatuaren BPM-ak topera jarri izan banitu bezala. Untxi zuloei buruz hitz egingo nuke, baita egoaren suntsiketaren eta musika aretoak aldi baterako gune autonomo bilakatzearen goraipamena egin ere. Hala ere, Donations Project ekimenak antolatutako jaialdira hurbiltzea erabaki nuen DJ-en zerrendak erakarrita, gau osoko dantzaldiaren onuren bila.
Donations project
NOIZ: Martxoak 18
NON: Fever (Bilbo)
Donations Project kolektiboak mota desberdineko jarduera musikalak antolatu ditu eta guztietan lortu duten dirua ongintza ekimenei eman diete. Fever aretoan antolatu zuten techno gauean lortutako dirua, adibidez, janari banku bati eman zioten. Techno-ari esker bizi dezakegun esperientzia pertsonal askatzaileari berezkoa duen –eta aspaldi galdu duen– izaera politikoa erantsi diote. Guztiz eskertzekoa, dantzalekuaren gaitasun eraldatzailea ez baitatza, soilik, hedonismoan.
Ohikoa den warm up –beroketa– sesiorik gabe hasi zen gaua. Lehen koilarakada Panduro DJ bikotearen eskutik etorri zen eta haien techno gordina hasierako mokadurik gabe irenstea zaila izan zen. Agian horregatik ez nuen lortu gau osoan musikarekin sintonizatzea. Agian jendearen hoztasun eta dantzarako gogo ezagatik izan zen, mahai gainean gozamenerako argudioak jarri baziren ere. Gizaki estatiko berbati ugariz inguratuta egotea ez zen lagungarria izan. Jendeak ardura handiagoa eman zion egoteari esperientziaz gozatzeari baino. Hala ere, gaueko sesioetatik bi nabarmenduko nituzke: SMFORMA-ren EBM industriala eta Judy bilbotarra, jendea astintzeko gogoekin taularatu zena, ohikoa duena baino neurritsuago egon bazen ere.
Testu hau aldez aurretik idatzi izan banu dantzarako musikaren inguruko idealizazio bat eskainiko nizueke. Dantzalekuan egon nintzenez gero, esperientzia ez-asegarria izan zela onartu behar dut. Gure hirian –Bilbon– klub kulturak bizi duen egoera tamalgarriaren beste adibide bat da hau: ganorazko aretorik ez, programazio gorabeheratsua eta kontsumo azkarrekoa.
Dantza-kulturak hausnarketa eta lanketa behar ditu, gurean behintzat, berriz ikaragarri bihurtzeko, berriz lanabes askatzaile eta eraldatzailea izateko. Hori egunez egun egin beharra dago proposamen interesgarriak antolatuz, baita dantzalekura hurbilduz, egoa erantzi eta dantzatzen hasiz.