argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Proust galdetegia
Aritz Galarraga 2022ko apirilaren 27a

1. Zein da zure bertuterik maiteena: Bertuterik eza, edo, nahiago bada, ezintasunez betetako bertute txikien bilduma 2. Gizonezko batengan atsegin duzun dohaina: Adeitasuna, neurrian beti ere 3. Emakumezko batengan atsegin duzun dohaina: Adeitasuna, neurrian beti ere (zergatik nahiago izan beharko nuke beste gaitasun bat emakumeengan?) 4. Zeregin gustukoena: Lo egitea 5. Zoriontasunaz daukazun ideia: Liburu mendi bat nire zain edukitzea 6. Zorigaitzaz daukazun ideia: Liburu mendi bat nire zain edukitzea, eta zein liburu irakurri ezin erabakitzea 7. Kolore, eta lore, maiteena: Zuri, gorri eta berdea izan ezik, beste edozein; zalantzarik gabe geranioa 8. Zu ez bazina, nor izan nahiko zenuke: Galdera agian litzateke nork izan nahiko lukeen ni, ez duzu uste? 9. Non nahiko zenuke bizi: Orain, Joseph Brodsky irakurri eta gero, Venezian. Edo, tira, zuzenean Atlantidan 10. Prosazko autore gustukoena: Poetaren bat, adibidez William McGonagall 11. Poesiazko autore gustukoena: Narratzaileren bat, adibidez Amanda McKittrick Ros 12. Pintore eta musikagile gustukoenak: Pintoreak, gure seme-alabak, bizpahiru urterekin; musikagileak, edo hobeki, zaratagileak, gure seme-alabak, 11-13 urterekin 13. Bizitza errealeko heroi maskulinoa: gure auzoko postaria; eguna joan, eguna etorri, etxeraino ekartzen dizkidalako liburuak 14. Bizitza errealeko heroi femeninoa: gure auzoko okina; eguna joan, eguna etorri, aurpegian asmatzen baitit uneoro zehazki zer nahi dudan 15. Fikziozko heroi maskulinoa: Santi Leoneren edozein pertsonaia maskulino 16. Fikziozko heroi femeninoa: Uxue Apaolazaren edozein pertsonaia femenino 17. Gehien gogaitzen zaituena: Galdetegi zentzugabeak erantzutea 18. Zerekin zara barkabera: Barkabera direnen akatsekin, segur aski 19: Esapiderik maiteena: Ze telebista katetan emango dute hau?