argia.eus
INPRIMATU
Maitasun gutuna
Laura Penagos Rodríguez 2022ko apirilaren 15

Erronkariera, desagertuta. Saraitzuera, desagertuta. Nafarrera, oraindik ez. Bizkaiera, oraindik ez. Gipuzkera, oraindik ez. Lapurtera, oraindik ez; ezta batua ere.

− Batua! Baina hau euskara da, ala? Dut, det, dot, düt.

− Euskaraz bizi nahi dut. Hika, zuka, berorika.

Euskaraz bizi nahi dugu? Baiona, Tutera, Maule, Bilbo. Zer da normalizazioa? Hitz egiten dugun pertsonok euskara normalizatzen dugu?

"Nahi duzue guk 'kanpotarrek' euskaraz hitz egitea? Nor zarete zuek? Nor gara gu? Zer da nortasun bat?"

− Ez da batere erraza ikastea.

− Euskara oso zaila da.

Posible da euskalduntzea? Gara, gera, gare, gira. Zer da euskara? Euskara da…

Zenbat atal? Zenbat erlaitz? Zenbat kategoria? Zenbat geruza? Euskararen geruzak. Zenbat urte? Zenbat mende? Zenbat zigor? Zenbat aurreiritzi? Zenbat beldur? Zenbat hitz geratu ziren sutan sukaldearen beroan esan gabe? Non hitz egin dezaket?

− Hemen, bai.

− Hemen, ez.

− Hemen, ‘kaixo, zer moduz’ soilik. Euskara da… Zuri, gorri, beltz.

Zer esanahi du Euskal Herrian euskarak? Zer esanahi ematen diogu? Zer da niretzat? Zer da bizilagunentzat? Zer da lagunentzat? Euskarak etsaiak ditu? Zergatik ez da doan? Nor izango dira bere etsaiak?

− Titulua bai.

− Titulurik ez.

Euskara pribilegioa da? Noiz izango da doan? Zazpi urte ikasten, zazpi! Zazpi erronka, zazpi ahalegin, zazpi etsipen, zazpi herrialde. Nahi duzue guk "kanpotarrek" euskaraz hitz egitea? Nor zarete zuek? Nor gara gu? Zer da nortasun bat?

− Ni naiz, zu zara, bera da.

Zertarako balio du? Euskara menperatuta dago? Nork menperatzen du? Nahi dute euskara desagertzea? Zein da bere gaurko egoera? Zer egiten ari gara? Zerbait egin behar dugu?

− Euskaldun berri.

− Euskaldun zahar.

Gorri min, gorri bizi, gorri samin, hankagorri, goiz gorri, gori-gori. Gorrotatu. Maitatu. Euskara-gaztelania, amore eman; denda batean amore eman, osasun etxean amore eman, funtzionario batzuekin amore eman, kafetegi batean amore eman, bizilagun batzuekin amore eman, lagun batzuekin amore eman, epaitegietan amore eman, bilera batean amore eman, kalean amore eman, etxean amore eman, neure buruarekin amore eman, amore eman, amore eman, amore eman, amore eman, amore eman.

Sortzen, Herri urrats, Nafarroa oinez, ti-pi-ta-pa, ko-rri-ka, po-li-ki, po-li-ki, as-ti-ro, as-ti-ro, gel-di. Ezker, eskuin, erdi, hego ipar, mendebalde, ekialde. Non dira dagoeneko ahoskatzen ez diren hitzak? Non? Agian, mendi artean dabiltza airean, belar, adar, hosto, isiltasun eta oroitzapen bihurturik. Sahats, haltz, haritz, hagin, ametz, hurritz, izei, ezki, lizar, zumar, gurbitz, gaztainondo, arte.