argia.eus
INPRIMATU
HUMANITATEAREN UNE GORENAK
Existitzen direla
Aritz Galarraga 2022ko apirilaren 17a

Susan Sontag, egia esan, osoki da interesantea, ez soilik faxismoari buruz idatzi zituenengatik. Gaur-gaurkoa da gainera, kezka nagusi izan baitzuen lengoaiaren eta errealitatearen arteko harremana, era berean kontsolagarri eta suntsigarri izan dakigukeen lengoaia. Irudizkoa, adibidez, egunotan hain presente, gertatu ahala, ohiko entretenimendu etxetiar modura, kontsumitzen ditugun bataila eta masakreekin. Hain zuzen, sufrimendu-irudiak begiratzeko daukagun moduaren definizio berri bat galdegin zuen Sontagek, zer egin beharko genuke irudi horiekin. Liburu denda batean ikusi zituen Holokaustoarenak, hamabi urte zituela. Bizitza guztia emango zuen, hartara, liburuz liburu, galdetuz min hori nola erretratatu, nola eraman daitekeen.

Izan ere, zer dio irudi batek erakutsi nahi duen objektuari buruz; irudiak okertu egiten badu egia, intimitate faltsu bat eskaini: “eraso inplizitu bat dago kameraren erabilera guztien atzean”. Argazkiek ahalbidetzen dute errealitatea, are besteren sufrimenduaren errealitatea, kontsumo-ondare bezala biltzea. Argazkiak egiteak harreman voyeur bat ezarri du munduarekin, gertaera guztien esanahia berdindu, parekatzen duena. Eta argazki berak, segun eta noren begietan, gauza bat edo bestea, are kontrakoa esan nahi izango du; besteen minaren gaineko begiradaz ari garela, ezin dugu esan “guk”.

Kurioski, Sontag bera ere bilakatu zen bere irudiaren gatibu, Estatu Batuetako azken izar literarioa, Benjamin Moser biografoak definitu bezala. Hori bai, tristezia, abaildura gerturatzen ikusten zituen bakoitzean, lehen bulkada izaten zen liburu baten orrialdeen atzean ezkutatzea, zinera joatea, operara. Ezen beti defendatu zuen kulturaren iraunkortasuna, indiferentziak eta krudeltasunak hartutako mundu batean esperantza iturri gisa. Kulturaren helburuetako bat, besteak, gugandik desberdin direnak, egiazki existitzen direla ikusaraztea baita.