Behinola antzoki batean sute bat piztu zen bastidoreen artean. Pailazoa eszenaurrera atera zen berria ematera, baina publikoak txiste bat zela pentsatu zuen, eta gogoz txalotu zuen. Pailazoak albistea errepikatu zuen, eta txaloak are atsegingarriagoak ziren. Horrela uste dut hilko dela mundua, txistea dela pentsatuko duen jende agurgarriaren bozkario orokorraren artean”.
Ez dabil urruti Kierkergaard, ikusitakoak ikusita. Eskarnio kanta da horren errepresentazio sonikoa. Lekuz kanpo dauden algaren lekuz kanpokotasuna. Irri egiteko unea zein den ikasi behar dugu eta. Denak du bere momentua.
Elena Ramirez, Andoni Olaetxea eta Unai Pelayoren azken lana da Bi Burrundara (Balio Dute, 2022). Olaetxea eta Pelayok 2020an kaleratu zuten Burrundaria lanaren jarraipen moduan uler daiteke. Oraingoan, ordea, bi gitarrez gain Ramirezen pianoa du lanak, armonia aberatsagoak, tentsioa eta une argiagoak bilduz inprobisazio instrumentaletan. Inprobisazio totaletik abiatu baitira kantuak eta grabaketak, “atera ziren moduan”. “Horregatik ezin dira zuzenekoetan errepikatu”, dio Olaetxeak.
Lehena bi-n ohikoagoak dituzten erritmoetatik abiatu arren, tonu maiorretara jauzi egin eta kolorez betetzen da lana. Makur-en lurrera gerturatzeko gonbita egiten digute, belaunikatuz ia. Kolpez-ek erritmo epikoagoa du, amaierako lasaitasunera iritsi arte. Naretasuna apurtuko du Alde bi dantzagarriak(?). Amaltea-n zaratak hartzen du espektro zabalgoa, Kubrickek imajinatutako espazioaren soinua imitatuz. Lodi-n nabari da gehien Ramirezen pianoa. Lirikaren eta bluesaren artean, arnasari emanez garrantzia. Erresoluzioaren zain egoteak merezi du, norabiderik gabe dabilen flâneur-ak topatzen duelako, azkenean, non hartu atseden. Aulki bat izan zitekeen, udaberri hotz honen eguzkitan.
Leihotik begiratzen dut eta zentzugabeko eraikinak ikusten ditut, formak eta koloreak ausaz eginak, ganorabako. Zentzua eman behar diet, zentzuaren arabera pentsatzen dugulako. Etxe bati zerk ematen dio zentzua? Ematekotan, zentzua bizitzak emango dio. Eta, horretarako, bizi egin behar.
Disko hau ez da “gustatu zaizu?” terminoetan epaitu behar. Gonbidapena da, norberak bere zentzuz eta zentzumenez betetzeko. Entzunaldi bakoitzean ezberdinak garenez gero, entzunaldiz entzunaldi garatzeko aukera ematen diguna. Esker dezagun oparia.