Drag king-aren bitartez baimendu diot neure buruari feminitateari hurbiltzea, zerikusirik ez duenak umetan ezagutu nuen feminitate derrigorrezko horrekin. Ingurukoen desesperaziorako eta nire auto onarpenaren bila, femenino kategorian sartzen diren gauza guztiak ukatu nituen eroso zitzaidan maskulinitateari nerabezaro beranduko ateak zabaltzeko.
Drag king-ari esker sendatu dut feminitatearekin nuen zauri hori, esploratu gabea dudan maskulinitatetik feminitatea nahi dudan neurrian gorpuzteko. Zeren eta, maskulino eta femenino kontzeptu zurrunak norma heterosexualaren logikan baino ezin daitezke ulertu, eta biak izan daitezke neurri berean mugatzaile, tokatu zein aukeratu; batetik ihesi bestea inkondizionalki besarkatzea itogarri bilakatu daiteke luzera.
Zioen Leslie Feinberg-ek Borrokalari transgeneroak liburuan drag-a ukatu egin zaigun genero espresioa berreskuratzeko ekintza zuzena dela, tamalgarriki espazio gutxitan egin daitekeena. Bollera izateari esker ezagutu dut zer den maskulinitate zigortu bat, eta drag king-ari esker zer den feminitate disidente bat. Bien konbinazio honetan sentitzen naiz gustura, bakarra aukeratu beharrik gabe.