Harritzen gara, hamar urte ETAk armak utzi zituela eta oraindik, kasik mende erdi batez jasan & jasanarazi dugun biolentziaz mintzatzera ausartzen ez garela onartu beharrean gaudelarik. Bekatua balitz bezala. Ezin errana. Tabua. Nonbait esperantza handia lehertu eta ahalke zerbaitek itotzen bagintu legez... nahiago dukegu errautsa tapiza pean sartu eta aitzina!
Hargatik, lehengo lepotik burua, arazo bat agertzen zaigunean, hala nola etxebizitzen alor minberaren muinean, eta hautetsi zein erakunde politikoen erabakiez harago goazen errebelde tematsuak garela frogatu nahi dugunean, mehatxuaren parpaila erabiltzen dugu, automatismo hutsez, demagun Senperen, higiezinen sei agentzien hormetan “gaur tindua, bihar bonbak” idatziz. Horrek baieztatzen du batzuen larru-azal leun eta ikasiaren azpian, sua sugetzen badabilela, “etsaia” erretzeko beti prest. Herritarron sentimendu onak tolesten jarraitzen dute... belaunaldi gazteak borroka heroikora bulkatu asmoz ala?
Gogora dezagun, eta gure ardura da, Svletana Alexievitch adiskideak ederki diona: txantxak eta kalakak gehienetan odoletan bukatzen dira.