Maliko hegoaldean sortutako 14 eta 16 urte bitarteko lau gazte ditugu nobela honetako protagonistak. Beraiek egiten duten bidaia da, hain zuzen, Xalbat Itzainak kontatzen diguna. Nola ateratzen diren etxetik, batzuk gogoz, bateren bat behartuta; nola doazen Burkina Fasora, Niger zeharkatu eta Libiara iritsi; Tripolin jasan behar dituztenak eta, azkenik, itsasoaren zeharkaldi dramatikoa. Irakurleak ez du bidaiaren amaiera ezagutuko, Palermon uzten ditu egileak Jalil eta Nura, lagun afganistandar batekin, korrika doazela… manifestari batzuengandik ihesi.
Nobelak Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan liburua gogorarazi digu behin baino gehiagotan; Itzainaren nobela bi gazteren lekukotasunean oinarrituta dago eta, Ibrahimaren kontakizunean bezala, hemen ere bidaiaren gordina eta mina presente dago.
Muga guzien gainetik erraz irakur daitekeen obra dugu. Kapitulu laburretan egituratua, elkarrizketa ugari eta deskribapen laburrez osatua. Bizia da, ekintzaz beterikoa. Suma daiteke protagonisten pentsamendua, zer bizi duten, bidaiaren pozak eta, batik bat, kezkak eta penak; alde horretatik irakurleak azkar biziko ditu lau neska-mutilen gertakariak.
Hizkuntza aldetik hegoaldeko irakurleak hain ezagunak ez zaizkion hainbat hitz aurkituko ditu –eskarniatu, kalapitan, akitu, lohasma, beha eta guhaur, 25. orrian agertzen direnak, esaterako– baina horietako batzuk hiztegi laguntzarekin ageri dira orriaren oinean eta beste batzuk testuinguruagatik uler daitezke, beraz, ez dadila hori nobela honetara hurbiltzeko arazo izan.
Liburuan, bestalde, Paxkal Bourgoinek eginiko hainbat ilustrazio ageri dira koloretan, narrazioari indarra emanez eta, hasieran batez ere, hainbat mapa ere bai, gazteek eginiko bidaiaren nondik norakoak azalduz.
Nobela interesgarria da migrazioaren mugimenduen berri izateko, gure gazteei hurbiltzeko eta gure lurretara hurbildu diren horiek ezagutzeko. Zituzten ametsen, dituzten amets gaiztoen eta, sarritan, gizarte moduan erakutsi izan diegun mespretxuaren argigarri ere bada. Balioko al du liburu honetako lekukotasunak gogoetarako eta gazte hauen onarpenerako!