argia.eus
INPRIMATU
Besteen errepublikak eta gurea
Karmelo Landa @karmelolanda 2022ko apirilaren 07a

Errepublika hobesten dugu, seguruenik, euskal herritar gehienok, baina, orain arte bederen, ezagutzen ditugun errepublikak besteenak dira, eta ez gureak. Frantzian, adibidez, printzipio errepublikarrak omen dira nagusi eta estima handiko, monarkiaren erregimen zaharrean erregeen manupeko hirugarren estatukoak matxinatu eta citoyen izatera iritsi zirenetik. XVIII. mende amaieran gertatu zen hau, eta 1792. urteko iraileko egun batez, monarkia ustela betirako abolitu eta Lehen Errepublika jarri zuten indarrean. Ez zuen, hala ere, luze iraun, Napoleon Bonaparteren agindupeko Inperioa nagusitu baitzen 1804tik aurrera.
Iraultza berria behar izan zuten, 1848koa, Bigarren Errepublika antolatzeko, baina benetan bitxia gertatu zen, presidentetzarako Bonaparteren iloba hautatu baitzuten, eta beronek, leinuaren senari jarraituz,  estatu kolpea  jo zuen urte gutxitara, inperioa berrezarri eta bere burua enperadore izendatuz.

Hirugarren iraultza batek zabaldu behar izan zion bidea Hirugarren Errepublikari, kasu honetan Komuna deitutako herri-matxinada indartsua izan zen. Hortik sortu zen hirugarrenez errepublika. Nazien inbasioak lurperatu zuen modu ezin gordinagoan.

"Euskal errepublikaren orubea Euskal Herrian bertan dugu,
lurralde osoa hartuta,
eta aliantzak berton gauzatu behar ditugu"

Bigarren Mundu Gerra deitua amaitzean soilik birsortu zen errepublika berriro, laugarrena. Frantzia kolonialistak Indotxinan eta Aljerian jasandako porrotak probokatu zuen laugarren horren amaiera eta estatu kolpe modukoak eraman zuen De Gaulle jenerala agintera.

De Gaullek berak ezarri zituen baldintzak Bosgarren Errepublika jaio zedin, eta horretan dabil gaur egun ere Frantzia, errepublika nominal horren gainetik errejimen presidentzialista izan eta inperio neokolonialetik gehiago daukala jatorriko berdintasun, anaitasun eta askatasun aldarrietatik baino.

Gauza ezaguna da errepublikak errejimen gisa bizitza oso labur eta prekarioa izan duela estatu espainiarraren historian. Bi errepublika-saiakera espainiarrek amaiera benetan triste eta latza izan zuten, bai. Azken diktadorea ohean hil ondoren, hala ere, bazen itxaropena,  herritar askoren artean, indar aurrerazaleek berriro ere sistema errepublikanoa sortuko zutela.

Hauteskundeetan goraka zihoan PSOE alderdiak irmoki aldarrikatzen zuen garai batean nortasun errepublikazalea. Gerora, Espainiako Gobernura heldu diren bakoitzean, aldiz, aurretik agindutakoaren kontrara aritu dira beti, eta gaur bertan monarkia erabat ustelduen euskarri sendo bihurtu dira, Espainia barruan zein nazioartean. Azken froga argia, Marokoko erregetza feudal ezin atzerakoiagoari Sánchez presidente progresista omen zenak eskainitako oparia, Saharako errepublika sakrifikatu eta benetako traizio historikoa burutuz. Lehenago ere, errepublika katalanaren aldeko prozesu demokratikoa hondoratzeko eskuin mutur espainiarrarekin bat eginda jokatu zuen, hain zuzen.

Euskal errepublika da guretzat errejimen egokia, zalantzarik gabe. Historiatik eta esperientziatik ikasi beharko dugu zein den horraino heltzeko bide posiblea. Dagoeneko ondorio batzuk atera eta argitzeko moduan gaudela esango nuke. Frantziako eta Espainiako agintariekin, deitura progresista hartzen dutenekin ere, aliantza taktikoak burutzea ez da euskal errepublikarako  bidea, bistan denez, kontrako norabidean doa. Euskal errepublikaren orubea Euskal Herrian bertan dugu, lurralde osoa hartuta, eta aliantzak berton gauzatu behar ditugu, printzipio errepublikazale propioak oinarri eta giltzarri direla.