Etxeko komuneko zisterna apurtu eta iturgin baten laguntzaren premia duzu. Hitzordua telefonoz lotu eta adosturiko orduan etxeko txirrinak jo du. Atea ireki eta emakume bat aurkitu duzu. Ziur naiz horrelako egoera baten aurrean, arrarotasun bat gorpuztuko zitzaizula, galdera eta lotsarekin batera. Iturginari komunerantz bidea egiteko gonbitea luzatu baino lehen, barne bakarrizketa asaldatuko zaizu: “Bera al da iturgina? Iturginaren laguntzailea izango ote da? Lana egiten jakingo ote du?”. Gure barnean dauden aurreiritziek kolpatzen gaituzte horrelakoetan eta argitasunez ikusarazten dute genero rolen araberako profesio banaketak errealitate gordina direla.
Pasa den martxoaren 23an Donostian Emakume eraikitzaileak jardunaldia egin zen, eraikuntza sektorearen maskulinizazioaren bueltan hitz egiteko. Euskal panorama honakoa da: eraikuntzako gremioetan emakumeak %6a baino ez dira. Aparejadoreak –obran egoten diren eraikuntzako teknikariak– %3a besterik ez. Arkitektoen artean, egoera bitxia da, unibertsitateko ikaslearen gehiengoa emakumezkoa bada ere, profesional gisa bisatzen diren lanen artean gizonezkoak direlako nagusi portzentaje oso altu batean. Emakume arkitekto askoren ibilbidea izaten da irakaskuntza, elkargoratzea behar ez duten obra-lanak edo administrazioko lanak.
Eraikuntzarekin erlazionaturiko lanetan diharduten emakumeek diote beraien jardunean azterketa etengabean bizi direla, lana burutzeko gai ote diren demostratzeko eskaerak pairatuz, deserosoak diren egoera eta komentarioak jasanez. Horregatik, eraikuntzako emakume langileen bateratzeak premia handia du, bizi duten esperientziak eta egoerak konpartitu eta salatzeko, elkarri babesa emateko sare bat sortzeko, emakumeen lana bistaratzeko, laguntza emateko oihan bat dirudien lan sektore honetan.