argia.eus
INPRIMATU
Kontziliatu?
Leire Narbaiza Arizmendi @txargain 2022ko apirilaren 01a

Andrazko estresatuta, eskolara bidean antxintxika, merienda eta kirol poltsa aldean. Hori litzateke ia guztion burura etorriko litzatekeen irudia zaintza eta kontziliazioa aitatuko bagenitu.

Kontu zabalagoa da, ostera. Umeak jagotea ez ezik, zaharrak edota behar bereziren bat dutenez arduratzea ere bada. Eta lan-hitzarmen batzuetan jasota dagoen arren, herriek, azpiegiturek eta erakunde ofizialek ez dute kontuan hartzen.

Medikuarenera joateko, adibidez. Pertsona batzuek lagunduta joan behar dute, eta eroan egin behar dira. Baina inguruan ez dago autoa non aparkatu, edo toki bereziren bat egonez gero, beteta dago. Beraz, laguntzaile bi behar ditu: berarekin sartuko dena kontsultan, eta automobila aparkatuko duena.

Zaintzaile bi. Batzuetan bezperan abisatuta, egun osoa libre balute moduan. Agian, probintziako beste puntaraino joan behar dira, nahiz eta etxetik gertuago dagoen zentro baten ere proba hori berori egitea dagoen. Denboraz gain, autobidearen gastua eta erregaia ordaindu behar. Autoa, ezinbestean.

Inor ez da zaintzailearen azalean jartzen, eta horrela gaitza da kontziliatzea.