Etorkizunaren nostalgia lehergailu bat da. Mark Fisherrek depresioaren ekonomiaz eta errealismo kapitalistaz hitz egiten zuen, buruaz beste egin aurretik. Ba al da beste errealitate posiblerik? Zein da gure garaia? Iraganari begiratu eta gertatutakoari lekua egin diezaiokegu, gure belaunaldiaren motxila pisutsuan. Belauniko, belaunkadaz belaunkada. Etorkizuna egunero asmatu beharreko erronka da. Eta Merina Gris lehergailu bat da.
Eraikin lehertu bateko kristalak sanpleatuz broken beata eskaini eta oihu zakarren eta melodia sinpleen artean lotura asmatu dute zortzi kantu oso zaindu eta ekoitzietan. Amorrua atera behar da, baina elkarrekin abestuz: Os lo juro que es la ostia lo que tengo que contar, ez geratu azalean. Zer da pop musika ez bada gure backgroundaren inguruan zubiak eraikitzea?
Ed is Dead, Alizzz eta Charlie XCX popa dira, Kortatu, Berri Txarrak eta Chill Mafia diren bezala. Elkarrekin abesteak sendatuko ditu zauriak. Saiatzen gara, ez dirudien arren. Azken finean, negar eginarazten digunaz barre egin dezakegu. Lehen ez ginen zoriontsuago.
Paskal, Julen eta Sara hirukoteak ez ditu oraindik harrotu beharreko hauts guztiak harrotu, baina etorriko da etorri beharrekoa. Elektronika eta iruditeria berri bat entseatzen ari dira eta, zuzeneko indartsuarekin.
Probintziakeriarik gabe, garaiari hel diezaiokegu hemendik, guretik eta gurean. Hori da Zerua orain. Gu, etorkizun iluneko belaunaldi kamustu hau, no future esateko otzanegiak, dena errepikapena dela sinestarazi nahi dioten umezurtzak.
“Dena asmatuta dago”, diote. Guk diogu: dena dago egiteko. Eta Merina Gris lehergailu bat da.