argia.eus
INPRIMATU
Desagergarriak
Uxue Apaolaza Larrea 2022ko apirilaren 01

Nora jo behar da? Desagertu egin da. Zein da telefonoa non eta nola dagoen jakiteko? Senide, lagun… banu, norantz egingo nuke? Hori etorri zitzaidan gogora Pablo González kazetariaren atxiloketaren berri izan nuenean. Eta, dirudienez, ez da nire ezjakintasunaren ondorio galdera horiei ezin erantzuna. “Beldurrezko pelikula”, definitu du egoera emazteak. Eta testu hau bidaltzen ari naizenean, hiru aste dira Pablo González Polonian atxilotu zutela. Ez du ez familia, ez bere abokatua ikusi.

Zaratatsua da gerra. Zaratatsuak dira bonbak, hipersonikoak, misilen kontrako ezkutuak… eta zaratatsuak dira keinuak, mezuak. Alfa arraren diplomazia esan diote. Zaratatsua da Poloniako lehen ministroa, Txekiako eta Esloveniako agintariekin batera, trenez Kievera joanez, hango gizonari, momentuko gizonari eskua estutzera. Zaratatsua da Polonia errefuxiatuak beso zabalik hartzen. Zaratatsua da armak hartzen dituzten gizonen gorazarrea.

"Gerra sinple esplikatu nahi zaigu, baina milaka txikitasunetan korapilatzen da. Alfa arrek letra larriz hitz egiten digute"

Leherketa hotsen atzean, ordea, isiltasun handiak daude; sinple ematen zaiguna konplexu egiten dutenak. Eta hainbat kazetari dago isiltasun konplexu horri hitzak jarri nahian. Poloniak basoan izoztuta hiltzen zituen haurren isiltasunari, adibidez, Ane Irazabalek jarri zion ahotsa, eta gogorarazi du orain Poloniaren besozabaltasuna apur bat estutuz. Eta isiltasun gezurti hori loditu du Pablo Gonzálezen atxiloketak.

Eta atxiloketa horrek ere zaratak eta isiltasunak ditu. Zaratatsua da “espioitza karguak”: Errusiaren espioia da. CNI entzuteak ere gortzen du apur bat; bai, galderak egin omen zizkioten bere hurbileko jendeari, baina Robles ministroak bere inozentzia presuntzioan sinesten du. Erregearenean bezain beste ez, dirudienez. Ez dakigu nor erotu den lehenago, CNIa edo Poloniako estatua, edo Ukrainakoa, edo hirurak batera. Baina sorgorgarriena isiltasuna izan da. Ezin bere abokatua ikusi, ezin familia ikusi, beraz, ezta alderantziz ere. Isiltasuna gainezka egiten hasi da, batzuek galderak egin dituzte, eta Albares ministroak, zerbait erantzun behar eta, esan du beste edozein herritarrek jasoko lukeen tratua jasotzen ari dela; eta hobe dela gauzek orain arte bezala jarraitzea.  

Gonzálezen abokatua galdera asko egiten ari da kamera aurrean. Zer ezin da ikusi? Zer kontatuko du kazetariak hau bukatzen denean? Zerk irentsi du? Eta galdera makur bat, prefabrikatuta eman digutena: zer egin du egoera horretan egoteko? Eta beldurra ematen du erantzuna “ezer ez” izateak; beldurra ematen du “informatu” izateak. Eta ez da izango. Kasuak oihartzuna izateak berak ere zailduko du azalpena. Aterako den astakeriak ez du egiatzat joa izateko baldintzarik beteko: bere defentsarako aukerak ezeztatu dizkiote eta, galdezka ari den publikoa haziz joan daitekeenez, zibilizatuek beren jarrera bestela azalezinak argituko dituzten argudioak beharko dituzte.

Gerra sinple esplikatu nahi zaigu, baina milaka txikitasunetan korapilatzen da. Alfa arrek letra larriz hitz egiten digute, baina txikitasun isil horiek izango gara gu, txikitasuna da gure patua. Desagergarriak gara.